Toni Galindoren hogei urteotako obrak daude ikusgai Donostiako San Telmon
54. Zinemaldiko kartela aurkeztu baino egun bat lehenago zendu zen lanaren egilea, Toni Galindo, eta orduan erabaki zuten lankide eta adiskideek haren ekarpen oparoa ezagutaraztea, «lagun ona zelako eta jaialdiak asko zor diolako». Herenegun aurkeztu zuten San Telmoko erakusketa, «Zure begientzat bakarrik» izenekoa, eta benetan hunkigarria izan zen ekitaldia. Han izan ziren Anna Obradors bikotekidea, Antonio Busquets gidaria eta Mikel Olaziregi Zinemaldiko zuzendaria.
DONOSTIA
Montxo Armendariz, Javier Fesser, Alejandro Amenabar, Daniel Calparsoro, Fernando Leon de Aranoa... Zinemagile anitzentzat egin ditu Toni Galindok diseinuak, eta lagun horietako batzuen iritzi eta sentipenak jaso dituzte Donostiako San Telmo museoan. Juanma Bajo Ulloak, adibidez, honakoa azaldu du iaz estreinatutako “Fragil”en kartelaren inguruan: «Kanpora begira guztiok erakusten dugun edertasunaren ideia eta azpian ezkutatzen dugun errealitate ez hain atsegina sinbolizatzea zen kontua: lore delikatu bat beldurgarri bihurtzen diren sustrai korapilatsuek lurrari tinko heldua. Tonik argazki bat erabili zuen lorea irudikatzeko, Carlos Salomen marrazki bat zurtoinerako eta 3D programa sustrai amaigabe eta izugarri horiek marrazteko. Ia urtebete aritu ginen gustura oso elkarrizketan, gogor lan eginez eta inoiz amaitzen ez ziren zirriborroak eta ñabardurak erakusten, bion gustukoa zen emaitza lortu arte. Askoren ustez, sustraiek bihotza ezkutatzen dute, baina Toni jostariak sorpresa bitxia zuen niretzat gordeta: benetako umetoki baten argazkia zen».Montxo Armendarizek, berriz, orain bi urteko “Escenario movil” gogora ekarri, eta zera idatzi dio Art&Mañako kide Toni Galindori: «Pelikula ikusi orduko bazenekien nolakoa izango zen kartela. Folio baten gainean lau zirriborro marraztu eta itxuratu zenuen dena (...) Handik gutxira mail bat jaso nuen zirriborroarekin. Argazkiko abeslaria ez zen pelikulan agertzen zena. Galdetu nizunean begirada bihurri samarra antzeman nizun. ‘Ez al duzu asmatzen?’, esan zenuen. Berehala konturatu nintzen zeu zinela kantuan ari zena». Marrazkilari kataluniarraren ekarpenaren froga da “Zure begientzat bakarrik”: hirurogei film baino gehiagotan parte hartu du Galindok, eta horiek guztiak aztertzen dituzte erakusketan, baita zinema lehiaketa eta telebista plataformetarako asmatutako kanpaina eta kartelak ere. Berrogeita hamar bat panelen bitartez, kartelak egiteko prozesuaren berri ematen diote bisitariari: zirriborroak bildu dituzte, baztertutako probak, “Teaser” kanpainak... Gijon, Sitges, Manresa, Oporto, Donostia... Hainbat tokitako zinema jaialdietarako irudiak sortu ditu Galindok azken hogei urteotan. Eta besta horien elkarlanaren emaitza da “Zure begientzat bakarrik”. Horrek zera adierazten du erakusketaren gidariarentzat, Antonio Busquetsentzat: «Toni ez zela zinemako industriako sortzaile onenetako bat soilik, maitatua ere bazela». Maitasun hori gailendu zen herenegungo aurkezpenean, eta une hunkigarriak bizi izan zituzten San Telmon elkartutakoek, bereziki Galindoren bikotekide Anna Obradorsek hitza hartu zuenean. «Onartzen dut zaila izango zela Antoniorentzat nirekin lan egitea, oso argi nuelako zer nahi nuen, baina batez ere zer ez nuen nahi. Aitortzen dut agindu ugari ematen dudala. Osagarriak ginen Toni eta biok...», hasi zen, baina ezin izan zuen jarraitu.
Irudi asko
Donostiako 54. Zinemaldiko kartela da artistaren azken obretako bat, jada aski ezaguna den Marisa Paredesen irudia. Baina Mikel Olaziregik bertze zenbait lan ere aipatu zuen: «Sari garrantzitsu batzuk ere irabazi ditugu Galindoren talentuari esker. 44. edizioan, esaterako, ‘Singing in the Rain’en inguruko irudi bat sortu zuen. Audrey Hepburn eskaileretatik jaisten, Indiana Jones Urrezko Maskorra laztantzen, Angela Molina begian labainaren ebakia sentitzeko puntuan... Irudi asko utzi digu».Ikus-entzunezkoen atal bat ere prestatu dute, artistaren iragarkiak eta trailerrak ezagutarazten dituena, baita “pressbook” zinematografikoak, argitalpenak eta sustapen kanpainetarako mota guztietako objektuak ere; arrautzak eta krispetak, errate baterako.
Arlo ugari jorratu duen artista
M. I.
DONOSTIA Toni Galindo marrazkilari autodidakta 1962an jaio zen Bartzelonako herri batean, Manresan. Informazio Zientzietan lizentziatu zen, eta marrazki eta diseinu ugari sortzeaz gainera, Art&Maña jarri zuen martxan Anna Obradors lagunarekin. Irudi grafikoko, ikus-entzunezkoko eta multimediako kanpainak egiten dituen enpresa. Zinemako lehiaketa garrantzitsuetarako kartelak egin ditu, eta sari batzuk ere eskuratu ditu: 1996an eta 1999an Donostiako Zinemaldirako sortutako irudiek Key Art Awards saria irabazi zuten Los Angelesen. «Ez da nolanahiko lorpena. Oscarra irabaztea bezala da», nabarmendu zuten erakustetako antolatzaileek. Azkenaldian, artista ez da diseinatzera eta publizitateko lanak egitera mugatu. Mota guztietako muntaiak, eszenografiak eta animazioak egin ditu, eta horretarako Internet, multimedia eta bertze zenbait euskarri erabili du. «Fantasiazko generoa, herriko kultura, komikiak eta musika ezin hobeki ezagutzen zituela nabari da lan horietan». Maiatzean hil zen Toni Galindo. Zinemari egin dion ekarpena, ordea, bizi-bizirik dago. Aski da San Telmora joatea hori frogatzeko.
|