- Harri-zulatzaileak
Jaizubia da Binakakoa lortzeko faborito nagusia
·Hondarribiko taldeak bi talde izango ditu finalean, eta txapela lortu nahi dute
DONOSTIA
Etzi, 17.30ean hasita jokatuko dute Irunen, Urdanibia plazan, Euskal Herriko Binakako Txapelketako finala. Zortzi talde izango dira bertan, eta Jaizubia, Gipuzkoak duen ordezkari bakarra, bi talderekin izango da azkeneko saioan, biek lortu baitute finalean izateko txartela.
Jaizubia Hondarribiko taldearentzako urte bikaina izaten ari da. Lehen urtea izan da taldekakoan parte hartu dutena, eta txapela bereganatu dute. Binakako kanporaketan ere berena izan da markarik onena, eta etzi txapela janzteko hautagai nagusiak dira.
Etxean aritzea ez omen da berentzat inongo presioa izango, Joxe Ramon Aia taldeko prestatzaileak esan zuenaren arabera: «Ez, ez dute presiorik. Oso animatuta daude, eta txapela lortu behar dutela, eta txapela lortu behar dutela, ez dute beste konturik», esan zuen.
Isuzkiza eta Andueza izango dira A taldean lanean arituko direnak. Lehenengoa, gainera, Bakarkako txapelduna ere bada, eta urtebete baino gutxiagoan dena irabazita jar daiteke talde hondarribiarra. Izan ere, iaz lehen aldiz Bakarkakoan aurkeztu ziren lehiaketa batera, eta hura ere irabazi egin zuten. Finalean, ordea, ez dira bakarrik izango, beste taldea ere han izango baita. Berridi eta Lizarribarrek osatuko dute B taldea, eta haien helburua estreinako bostetan amaitzea omen da, Aiaren esanetan: «Kanporaketan doi-doi sartu ziren, zortzigarren postuarekin egin zuten aurrera, baina normala zen. Lizarribar ez zegoen gehiegi arituta, eta finalerako lan asko egin du, eta oso animatuta dago», esan zuen.
Giroa ere oso ona izango omen da etzi Irunen: «Bizkaitik hiru autobus ba omen datoz, eta beren autoetan ere etorriko dira, beraz, haien aldetik ez da animaziorik faltako. Hemen ere asko entzuten da, eta askok galdetzen digute ea zer egin behar dugun eta horrelakoak, eta uste dut jende asko izango dela, eta animazioa ere ederra izango dela. Gainera, sarrera ordaindu beharrik ez da izango, eta Txingudi Egunaren barruan antolatutako ekitaldi bat denez, uste dut giroa aparta izango dela», aitortu zuen Aiak.
Azkenik, hondarribiarraren entrenatzaileak antolatzaileei eskerrak eman nahi izan zizkien: «Irunen apustu gogorra egin dute gure alde. Hemengo kontsortzioak hau antolatzeko behar den guztia jarri digu, eta hori eskertu nahi nuke», esanda agurtu zen Joxe Ramon Aia.
Galdamesek ere bi talde sartu ditu final handian
J.L.
DONOSTIA Jaizubiako bi taldeez gain, beste sei ere izango dira etziko finalean. Antolatzaileek jadanik bidali dituzte talde bakoitzak izango dituen zulatzaileen izenak, eta kanporaketan aritutako berberak dira. Aurrez aipatu bezala, Isuzkiza eta Andueza izango dira Jaizubia A taldeko bi zulatzaileak, eta Berridi eta Lizarribar B taldekoak. Garcia I.a eta Lotina arituko dira Galdames A taldearekin, eta Garcia II.a eta Garcia III.a, berriz, B taldearekin; izan ere, Jaizubiak bezalaxe, Galdamesek ere finalean bi talde izango ditu. Aurrekoetxea eta De la Concepcion, berriz, Txoreherri taldearekin arituko dira; De la Vega eta Gutierrez izango dira Gallartak aurkeztuko dituen bi kirolariak. Trapagaranek, berriz, Garcia eta San Jose izango ditu harriaren gainean, eta Ortuellak, Heboso eta Pueyo. Zaleen ustez, Jaizubia A eta Galdames A dira faborito nagusiak, baina oso kontuan hartu beharko dira Fertxi Garcia eta San Jose Trapagaran taldeko bi ordezkariak, onak izateaz gain, eskarmentu handikoak baitira.
|