«Itxo... txoin» lana, ume txikiak antzerkira erakartzeko proposamena
Gar Donostiako antzerki konpainiaren bigarren lana gaur arratsaldean eszenaratuko dute Astigarragako kultur etxean. Beren helburua bi urte inguruko umeen arreta eta irudimena piztea da, eta horretarako, txotxongiloez eta musikaz baliatuko dira. «Itxo... txoin» lanak padura batean galdutako ahate txiki baten istorioa kontatzen du, hasieran babes barik dagoen arren, larriuneak gainditzeko kemena eta grina erakusten duen ahate baten kontakizuna. Lanak 30 minutu iraungo du.
DONOSTIA
“Itxo... txoin” antzezlana Donostiako Gar konpainiaren bigarren lana da, baina bertako kideak ez dira hasiberriak. Urte asko daramatzate lanean eta apustu ausarta egin dute. Emaitza gaur izango da ikusgai Astigarragako kultur etxean. Bi emanaldi izango dira, 17.30ean lehena eta 18.30ean bigarrena.Lehenengo ikuskizuna ume koskorragoentzat prestatu zuten, baina ume txikiagoei heltzeko erronkak erakarrita, bi urtekoekin ausartu dira. «Gusturago lan egiten dugu txikiekin, haiekin komunikatzea oso benetakoa baita. Ez da hitzik behar», azaldu zuen Garbiñe Tolosak, lanaren egileak. “Itxo... txoin” antzezlanaren oinarria, beraz, irudiak eta soinuak dira. Eta musika. Pello Ramirezek sortutako doinuak eta Maddi Oihenarten ahotsa arduratzen dira giroa jartzeaz. Zuzendaria Rosa Diaz da. Lanaren gaia egilearen ingurunetik gertukoa da. Plaiaundiko paduran dago kokatuta eta ahate migratzaile baten istorioa kontatzen du. Ipar Europatik Afrikarantz doan ahate talde batek Plaiaundin egiten du geldialdia. Harrapakari bat azaltzerakoan, taldeak alde egiten du, baina ahate txiki bati hanka bat harrapatuta gelditzen zaio. Leku ezezagun batean babes barik eta bakarrik geratzen da protagonista. Dena dela, estualdia gainditzeko baliabideak aurkitzen ditu ahateak: beste hegazti taldeengana joaten da laguntza bila eta batez ere bakarrik bizitzen ikasten du. Gar konpainiak haurren eta aktoreen arteko gertutasuna lortu nahi du eta horregatik aretoaren tamaina zein ikusle kopurua mugatzen du. «Harreman zuzena bilatzen dugu eta antzokietan agertokitik lehenengo aulkietara distantzia handiegia dago», argitu zuen. “Itxo... txoin” lana agertoki soil batekin abiatzen da, eta emanaldiak aurrera egin ahala, bi aktoreek Elene Sustatxa eta Amaia Fernandez txotxongiloak, plastikoak, egurra, ura eta harriak erabiliz padura bat osatzen dute. Umeak pasibo ez izatea nahi du konpainiak, baina ez dituzte umeak txaloka, kantari edo dantzan jartzen. «Ate bat irekitzen dugu haiek irudimenarekin jolas daitezen. Gauzak kontatzen ditugu baina ez denak».
Emanaldi gutxi gurean
K.M.
DONOSTIA Ahate galduaren istorioaren hurrengo emanaldia otsailaren 16an izango da Muxikan (Bizkaian). Euskal Herritik kanpo zenbait jaialditan arituko dira, hala nola, Lleidan eta Madrilen. Euskal Herrian leku gutxitan egongo dira, Garbiñe Tolosaren berbetan, programatzaileek, ikusle kopurua mugatua dela ikustean, atzera egiten dutelako. Europan antzezlanok ohikoak dira, haren esanetan, adin horretako umeekin talde handietan lan egitea komenigarria ez dela badakitelako. Euskal Herrian, ordea, tokia betetzea da xedea. «Hori aldatzeko lan asko egin behar da oraindik», esan zuen.
|