GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kirolak > FUTBOL 2007-01-04
Alain POCHAT | Aviron futbol taldeko entrenatzailea
«Lyonen aurka zerbait egin nahi badugu, ezingo diogu jokatzen utzi»
Alain Pochat da Aviron taldeko entrenatzailea. Uztaritzen jaiotako gizon hori ilusio handiarekin ari da datorren igandean Lyonen aurka jokatuko duen Frantziako Kopako kanporaketa prestatzen. Badaki neurketa zaila izango dela, baina kanporaketa beren zaleen aurrean erabakiko denez, ez du itxaropenik galtzen, nahiz eta jakin gauza guztiak ongi egin behar direla aurrean izango duten erraldoia menderatzeko.

Alain Pochat da Avironen entrenatzailea. Uztaritzen sortutakoa da, eta herriko taldean hasi zen futbolean. Handik Croises-era joan zen, Baionako beste taldera. 2000. urtean heldu zen Avironera. Hantxe eman zituen jokalari bezala azkeneko urteak, eta hantxe hasi zen entrenatzaile lanetan. Hasteko, beheko taldeetan, eta aurten, lehen taldea entrenatzeko aukera izan du. Lehen urtea du baionarren aulkian.

­Amets bat izango da entrenatzaile batentzat Europako talderik onenetako baten aurka partida ofizial bat jokatzea, ezta?

Amets bat baino gehiago, Gabonetako opari bat izan da. Garbi dago Lyon Europako talderik onenetakoa dela, eta horrek ilusio handia egiten du. Haren aurkako partida bat prestatzerakoan, ordea, ez dela batere erraza konturatu gara.

­Cournon kanporatu ostean, Lehen Mailako talde baten aurka jokatzeko aukera hor zegoen. Aldagelan inoiz hitz egin al zenuten Lyonen aurka jokatzeko aukeraz?

Beno, aukera hor zegoen, eta beti hitz egiten dugu honen aurka edo haren aurka jokatzea ederra izango zela, baina Cournen aurka jokatu aurretik, hemen ibili zen Ribery Marsellako jokalaria. Min hartuta dago, eta osatzen izan da Campbretonen, eta berarekin aritu ginen Marsellaren aurka jokatzea ederra litzatekeela esaten. Haiena ere Ligako talderik onenetakoa da, eta jendeari ere ilusio handia egiten zion. Baina azkenean beste opari hau heldu da, eta ez gaude zozketarekin kexatzeko moduan.

­Lyonen aurka ezusteren bat ematea izango duzu amets.

Beti, baina garbi dago beren aurka zerbait egin nahi badugu, ezingo zaiela jokatzen utzi. Lekuak itxi behar zaizkie, eroso jokatzen ez utzi.Gainera, bakarka kalitate handiko jokalariak daude, eta oso ondo zaindu behar dira. Bestetik, zelaia dago. Berdegunearen egoera zenbat eta okerragoa izan, orduan eta hobeto guretzat.

­Zer diote jokalariek?

Zozketa egin eta gero, Ligako partida bat jokatu beharra geneukan oporren aurretik, eta ez genuen askorik hitz egin, hura prestatu behar genuelako. Gero, abenduaren 29an itzuli ginen entrenamenduetara partida hau prestatzeko, eta lantegi horretan ari gara. Garbi dago kalean beste konturik ez dagoela, eta, nahita edo nahi gabe, jokalariek buruan ezin dutela beste konturik izan.

­Azken urte hauetan sarritan ari da Aviron Lehen Mailako taldeen aurka jokatzen. Asko hazten ari den seinalea da hori, ezta?

Bai, baina kasu honetan zorte apur bat ere bada; izan ere, kanporaketa honetan gu baino apalagoak diren taldeak ere bazeuden, eta haien aurka ere joka genezakeen; etxetik kanpo, gainera. Azkenean zortea izan dugu, eta honela egokitu da.

­Dena dela, Ipar Euskal Herrian futbolak sekulako gorakada izan du azkeneko urte hauetan, ezta?

Bai, dudarik gabe. Aspalditik genekien Ipar Euskal Herrian futbolak goi mailan leku bat izan zezakeela, baina errugbiarekin topatzen ginen. Lehen Mailan bi talde izateak ez dio futbolari mesede egiten, dirua eta babesleak eramaten dituelako. Azkeneko bost edo sei urte hauetan, ordea, maila asko igo dira, eta horrek itxaropena nabarmen igo du. Garbi dago guk heldu nahi dugun lekura iristeko oso gutxi falta dela, baina lanean jarraitu behar da. Ipar Euskal Herriak baditu biztanleak, zaleak eta jokalariak talde bat mailarik gorenean izateko.

­Jokalarien maila ere asko hobetu da. Orain dela bi edo hiru urte bertako jokalari gutxi ikusten ziren Avironen hamaikakoan, baina gaur egun gehienak hemengoak dira.

Garbi dago horrela dela, baina aurten diruaren kontua ere izan da. Avironek azkeneko urte hauetan Lehen eta Bigarren mailetan aritutako jokalariak ekartzeko hautua egin du, baina gauzak ez dira ongi joan, eta aurten bertakoekin aurrera egitea erabaki zen, dirua ere ez baitzegoen sobera. Baina gauzak ezin hobeto doaz, lehen postuan baigoaz.

­Denboraldi honek orain dela hiru urtekoaren tankera handia dauka, ezta?

Bai, dudarik gabe. CFA ligan lehenengo ginen, eta Kopan Lehen Mailakoekin neurtu ginen. Denboraldi amaieran, N1 ligara igo ginen. Aurten ere amaiera bera izango dugula norbaitek agintzen badit, segituan sinatuko dut, ezbarik gabe. Garbi dago Lyon menderatzea gauza handia litzatekeela, baina helburua Liga da; hori garbi izan behar dugu.

­Helburua igotzea al da?

Egia esan, Ligako egoerak gu ere ezustean harrapatu gaitu; izan ere, iaz maila galdu ostean, taldea erabat eraberritu baikenuen, eta jende oso gaztea ekarri dugu taldera. Joan den uztailean ez genuen uste orain gauden lekuan egongo ginenik. Baina lehendabiziko postuan gaude, eta behin hor sartuta, garbi dago nahia igotzea dela hurrengo denboraldiari begira. Aldagelan sekulako giroa dugu, eta jokalari hauekin egunero lan egitea oso erraza da.

­Hego Euskal Herriko zaleentzat Iparraldeko futbola oso ezezaguna da. Igandean ezagutzeko aukera ederra dute, ezta?

Dudarik gabe. Hegoaldean jendeak uste du Iparraldean futbolik ez dela, baina gaur egun oso maila onean ari gara jokatzen. Igandean gu ezagutzeko aukera ederra egongo da. Europako talderik onenetakoa dator Baionara, eta gu ere maila onean arituko gara. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
¿Qué es lo que les piden al año que acaba de comenzar?
Euskal Herria
Seis horas «por los derechos básicos» de los prisioneros
Ekonomia
Hego Euskal Herria registró 97.263 parados en diciembre
Mundua
La nueva mayoría demócrata irrumpe en el Capitolio
Mundua
Tras 16 años de guerra civil, Somalia está al borde de la catástrofe sanitaria
Kultura
«Queremos que la gente se pare a pensar, pero no damos soluciones»
Kirolak
«Un lindo reto que sacaremos adelante»
Kirolak
«Lyonen aurka zerbait egin nahi badugu, ezingo diogu jokatzen utzi»
Euskal Herria
El PNV afirma que ETA es «el único culpable» de la situación actual
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss