IRUN
«Mendirik mendi lainua / pagorik pago usua / ez da erraz harrapatzen faboritoen pausua» kantatuko lukete trikitilariek emakumeen saskibaloi lehiaketari erreparatuko baliote.Bihartik aurrera Jerez De la Fronteran ekingo diote Kopari, ezusteko handienak ematen dituen lehiaketari, alegia. Zortzi partaideek beren aurkariak baino indartsuago eta maltzurrago direla erakutsi beharko dute. Maltzurrago bai, batez ere faboritoei irabaztea tokatzen den sasoian, hots, Ros Casares eta Perfumerias Avenidari behingoz irabazterakoan.
Hala egin beharko du Hondarribia-Irunek. Sailkapenean aurretik geratu den arren, UB Barcelonaren aurka jokatu beharko du lehen final-laurdena bihar 16.00etan. Katalanak gazteak eta bizkorrak dira eta Marta Fernandez Menorcako eskolta dute erreferente.
Zaila da final-laurdenetako partida, baina are zailagoa finalerdietakoa, Ros Casares mamua izango litzatekeelako balizko arerioa. Valentziarrek Europako talderik indartsuenetako bat osatzen dute eta dena irabazteko faborito dira. Alabaina, entrenatzailea bota berri dute eta baliteke beren aurkariek aukera bat izatea. Dena den, Elene Tornikidou, Delisha Milton eta Margot Dydek jokalariekin nekez gal liteke.
Su bi horien erdian dago Hondarribia-Irun. Txakartegiren neskek iazko helburua dute, finalerdietarako sailkatzea eta behin hori lortuz gero, handinahiz ekitea.
Erronka latza dute hondarribiarrek; izan ere, talde sendoa eta jokalari apartak dituztenez gero, aurkari onenen kontra neurtu beharko dituzte indarrak. Dena den, Murriel Page, Razija Mujanovic eta iritsi berri den Iziane Castro brasildarrak indar handia ekartzen dute gipuzkoarren taldera.
Avenidak bide errazena
Ros Casaresen atzetik faborito den taldea da Kopako egungo txapelduna, Salamancako Perfumerias Avenida, alegia.Printzipioz finalean egon behar lukete tituluaren defendatzaileek, eta Rivas Futura litzateke etsairik gogorrena. Hala ere, talde horrek gehiago dauka galtzeko irabazteko baino.