Beste berritze proiektu bat bultzatuko dute Uribarriko auzoek
BILBO
Bilboko Uribarri auzoko bizilagun ugari biltzen duen plataformak bertako zelaietan Udala egiten ari den eraberritze proiektua geldiaraz dezatela eta «adostutako berritzea» egin dezatela eskatu du. Auzokoen esanetan, Udalaren proiektuak ez ditu beren beharrak asetzen, eta hori dela-eta, beste proiektu bat prestatzen ari direla jakinarazi zuten.
Bizilagunek adierazi zutenez, ez du inork zalantzan jartzen eremua berritzeko premia. Baina Udalak beren beharrei eta eskaerei entzungor egin diela ikusirik, hainbat bider lanak geldiaraztera atera behar izan dutela adierazi zuten. «Eraberritzeak egitura hobetzea ekarri beharko luke, eta ez auzotarren mugimenduak aurkezturiko beharrei entzungor egiten dien inposaketa», kexatu ziren auzo-plataformako ordezkariak.
Horrez gain, Udalak bultzaturiko informazio kanpaina «auzotarren erantzuna geldiarazten saiatzeko baino» ez dela izan salatu zuten, bai eta ildo beretik zihoala bi aldeen artean egindako lehen bilera ere. «Hogei minutuz hartu gintuzten, eta ez ziguten inolako aukerarik eman erantzuteko», adierazi zuten.
Horren ondotik eraberritze proiektuak izan dituen aldaketak ere «oso urriak» izan direla adierazi zuten, eta horregatik ekin diotela proiektu «alternatibo» bat prestatzeari. «Udalak aurkeztu duenatik nahiko ezberdina da, eta interesa duten aldeen arteko adostasuna eta eztabaida ditu jatorrian», azaldu zuten plataformako kideek.
|