Erraustegia geldiarazteko «garaiz» gaudela diote
DONOSTIA
LAB sindikatuak eta Lasarte-Oria Bizirik plataformak esan dute oraindik ere Zubietan eraiki nahi duten erraustegia geldiarazteko «garaiz» gaudela, eta herritarrak mobilizatzera deitu dituzte. «Gure apustua hondakinen arloan murrizketa, berrerabilpena, birziklatzea, gaikako bilketa, materia organikoaren konpostajea, eta biometanizazioa uztartuko dituen plan integral baten aldekoa da», adierazi du sindikatu abertzaleak adierazpen batean. «Donostiako Udalaren okerreko erabaki horrek badu atzera bueltarik; garaiz gaude hori lortzeko», esan du. «Eta horretarako funtsezkoa izango da herritarron mobilizazioa», ziurtatu du jarraian. Lasarte-Oria Bizirik-ek ere, «oraindik hondakinen kudeaketa zuzen bideratzeko garaiz» gaudela adierazi du, alternatibak badaudela berresteaz gain. Horretarako, ordea, Lasarte-Oriako Udalari dei egin dio «Donostiako Udalak engaina dezala utz ez dezan»; nahiz eta erraustegia Usurbil aldera begira dagoela esaten duten, «oraindik ere Lasarte-Oria/Zubietan jarritzen du», gogorarazi dio.
«Bizkarra eman digute»
Eragile biek, ordea, erakunde publikoek berriz ere herritarrei «bizkarra eman» dietela baieztatu dute. Lasarte-Oria Bizirik-ek, berriz, honako galdera hau plazaratu du: «Hemendik hilabete gutxira politikariek gure boza eskatuko dute. Gero entzungor egiten jarraitzeko ote?».
|