Juan Mari Beltranen «Orhiko xoria», Gazteszenan
·Musikari eta musika ikerlariak hitzordu «berezi samar batekin» aurkeztuko du gaur bere diskoa
DONOSTIA
Hernanin sanjoanetan aurkeztu zuen Juan Mari Beltranek aurreneko aldiz bere diskoa, baina Donostian egingo duen lehenbiziko aurkezpena izango da gaurkoa. «Halako formatuan eta aurkezpen ofizial gisa hau izango da aurrenekoa Euskal Herrian. Kanpoan bai, Katalunian bitan aurkeztu dugu jada, eta urrian Sevillan ere egon ginen aurkezten», adierazi dio musikariak GARAri.Hori horrela, gaur, 20.30ean, Gazteszenara eramango duen emanaldia «berezi samarra» izango dela ere aurreratu du. Izan ere, egungo taldea osatzen duen seikotea izango da bertan. Hau da, Beltranek ahotsa eta herriko musika tresnak jarriko ditu, Miriam Atxaerandiok biolina eta ahotsa, Aitor Gabilondok gitarra eta ahotsa, Iñigo Monrealek txalaparta, djenbea eta perkusioa, Ander Barrenetxeak txalaparta eta danborrak, eta Jasone Camarak akordeoia eta trikitia. Baina, diskoan parte hartu duen Errenteriako ahots taldea zein Andoitz Antzizar (trikitia) edo Alan Griffin ere arituko dira, besteren artean. Dantzaririk ere izango da aholtzan Jon Maia eta Vanesa Castaño, eta ordu eta erdiko saioa, gainera, irudiekin ere jantziko dute: «Guretzat berria da hori», kontatu du Beltranek.
Txoriarekin batera bidaiatzen Musikariak aspaldi ezagututako kantu zahar baten hitzek sorrarazitako doinu berria duen abestiaren izenburua da “Orhiko xoria”, azken disko hau izendatzeko hautatutakoa. Beltranek aipatu bezala, «inongo apologiarik gabe txori horrek bere lurrari nola kantatzen dion» edota bere lurra nola maitatzen duen ikusten da bertan. «Egun batean, lanean nengoela konturatu nintzen kantatzen ari nintzela ‘Orhiko xoria’ beste musika batekin, eta hori da hemen jarri duguna nabarmendu du. Titulua polita da, eta disko bat osatzean, oro har, narrazio bat izaten da, hari bat behar izaten da. Kantu honetan, Oriko txori horrek eman zidan niri aukera hori egiteko, eta txoriaren hegaldi horretan joango gara giro, musika eta paisaia ezberdinak ezagutzen. Oriren erreferentzia dago hasieran, eta Agiñarena bukaeran». Izaki eta gizaki orok gure lurrarekin duen lotura bera du, beraz, lan honek.
|