FIPA: Nazioarteko telebistarako programen jaialdia
Telebistarako zortzi lekuko proiektu aurkeztu dituztenazioarteko jaialdian
Zinemagile gutxi zegoen atzo Biarrizko jaialdian, eta, beraz, lehen egunean, lekuko zinemagileak izan ziren nagusi. Mugaz gaindiko koprodukzioen elkartzea egin dute, eta bertan zortzi proiektu aurkeztu dituzte. Horien artean daude “Sueños Rojos” Celestino Uriarteren bizia kontatzen duen dokumentala eta “Ogi puskak” animaziozko seriea.
BIARRITZ
Mugaz gaindiko koprodukzioez hitz egin zuten atzo Biarrizko jaialdian. Goizetik arratsaldera, Pirinioetako mugaren bi aldeetako ekoizle, erosle, telebista kateetako ordezkari eta zinemagileak bildu ziren, aurkeztu zituzten zortzi telebistarako proiektuen berri emateko.Iazko irailean Donostiako Zinemaldian zinema proiektuetarako elkartzeak egin zituzten, eta Biarrizko FIPAjaialdia baliatu dute telebistari loturiko produkzioak laguntzeko. Stephanie von Lukowicz ekimenaren koordinatzaileak azaldu zuen: «Elkartze horien bidez, koprodukziorako prest diren proiektuak aurkezten dira. Lana aurrera eramateko telebista kate edo koproduktoreekin harremanetan jartzeko aukera ematen dute proiektu bultzatzaileek». Izan ere, atzo aurkeztu zituzten proiektuen artean, Jose Maria Lara ekoizletzat duen Catherine Ulmer Lopez zinemagilearen “Sueños Rojos” dokumentala zegoen. Celestino Uriarte Estatu espainoleko gerra garaian eta ondotik militante politiko izandakoaren bizia kontatzen du, eta grabatzen hasiak dira. Dokumentala Txalaparta argitaletxeak kaleratu Uriarteri buruzko liburuan oinarritua da.
Proiektuak laguntza bila Lan horrek, FIPA jaialdiaren bidez, Suitzako eta Estatu frantseseko ekoizleen interesa sortu zuela adierazi zuen Larak. «Ikus-entzunezko industriaren elkargunea da FIPA, eta proiektu bat diruz laguntzeko erosleekin edo diru-emaileekin harremanetan jartzeko aukera ematen du», adierazi zuen.
Stephanie von Lukowicz koordinatzaileak Arkaitz Basterra zinemagilearen “Vida y cine” filma goraipatu zuen. FIPAjaialdiaren bidez, frantses ekoizle baten, Belgikako banatzaile baten eta Holandako telebista baten interesa piztu duela erran zuen. Atzo aurkeztu zituzten telebistarako proiektu gehienak dokumentalak izan arren, Somuga izeneko enpresak “Ogi puskak” izeneko animaziozko telebistarako seriea aurkeztu zuen.Asisko Urmenetaren marrazkiekin klipa egin ondotik, zortzi minutuko ataletan banaturiko seriea aurkeztu zuten.
Ate-irekitzeko filmak arrakasta txikia
A.B.
BIARRITZ Biarrizko jaialdia urtero nazioarteko zinemagile eta ekoizleen elkargunea izaten da. Baina, atzo programako lanak proiektatzen hasiak baziren ere, oraindik zinemagile gutxi joana zen. Eta, astearte gauean jaialdia abian jarri zutela-eta, “Death of a President” aurtengo film onenen artean dagoen lanak arrakasta txikia izan zuen. Atzo egunaren buruan ematen joan ziren filmek ere ez zuten ikusleengan interes handia sortu. Ikusle batek adierazi zuen: «Aurten programatu dituzten filmak begiratzen aritu naiz, eta ez dut deus deigarririk ikusi». “Death of a president” ate-irekitzean eman zuten lehenengo fikzio lanak ez zuen bere aurreiritzia aldatu. Alde horretatik, erreportaje handien sailean ikusleek gehien nabarmendu zuten lana “Raffaele Mastroianni, lanbidea: lapurra” izan zen. «Erreportaje handietan beti gai berriak ikusteko aukera izaten da», nabarmendu zuen, azkenik, ikusleak.
|