GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Gaurkoa 2007-01-25
Asier Blas Mendoza | EHUko irakaslea ("Atzo eta gaurko harresiak" liburuaren idazlea)
Merkealdiak Balkanetan: independentziak salgai

Hegoaldeko eslaviarren federazioa (Jugoslavia) sei errepublika eslaviarrek osatzen zuten: Bosnia-Herzegovina, Eslovenia, Kroazia, Mazedonia, Montenegro eta Serbia. Azkenaren barruan bi lurralde autonomo zeuden, ez eslaviarrak: Vojvodina eta Kosovo. Egun errepublika guztiak dira independenteak.

Nork pentsatuko zuen orain dela 15 urte Montenegrok eta Serbiak bideak bananduko zituztenik? Orduan, serbiarretan ser- biarrenak zirela uste zuten montenegroarrek. Izan ere, historikoki Otomandar Inperioak Serbia garaitu eta okupatu bazuen, Montenegrok beti gorde zuen bere independentzia. Horregatik historikoki hartua izan da serbiar kulturaren gordeleku pribilegiatua bezala. Eta horixe zen berezi egiten zuena Montenegro. Ziur naiz irakurleak azkar ulertuko nauela esaten badiot Montenegro dela Serbiarren Nafarroa.

Bestela, serbiarrak eta montenegroarrak nazio berbera dira, bai erlijioz, bai hizkuntzaz. Hizkuntza ofiziala serbiera da oraingoz Montenegron, baina dagoeneko hasi dira erabiltzen montenegriera hitza. Antza denez, errepikatuko da historia beste behin. Gogoratu behar da kroaziarrek, serbiarrek, bosniarrek eta montenegroarrek hizkuntza bera hitz egiten dutela. Hori bai, bakoitzak nahi duen moduan izendatzen du garai batean serbokroaziera bezala ezagutu zena. Baina jugoslaviar federazioaren desagerpen ofizialarekin, «bosniera, serbiera eta kroaziera» jaio ziren. Egoera irrigarri honen erakusgarri asko daude. Adibidez, serbokroazieraz mintzo diren herrialdeen arteko bilera ofizial askotan, itzultzaile batek «serbieraz, kroazieraz edo bosnieraz» esandakoak berdin-berdin errepikatzen ditu hizkuntza berera itzuliz. Ondo asko ulertuko dute katalana hitz egiten dutenek bereizketa politiko hau. Izan ere, valentziera hizkuntza bezala dago izendatuaŠ akaso oraindik eta iraingarriagoa da serbokroazierarekin egindakoa kontuan hartzen bada dialektoak ez direla banaketa politikoetara egokitzen.

Munduko hizkuntza guztietan bezala, serbokroazieran ere badira dialektoak. Hiru dira nagusiak: estovakiera, kajkaviera eta cakaviera. Lehenengoa, Serbian, Montenegron, Bosnia-Herzegovinan eta Kroaziaren bi herenetan hitz egiten da. Beste biak, lurralde eremu oso txikietan hitz egiten dira. Kajkavierak eslovenieraren eragin handia du, eta Zagrebeko inguruetan eta Eslovenia ondoko lurralde kroaziarretan hitz egiten da. Cakaviera, berriz, Istriako penintsulan hitz egiten den dialekto berezia da.

Gauzak horrela, herrialde horien arteko bereizketa egiteko garaian, erlijiora jo izan da beti. Kroaziarrak katolikoak; serbiar eta montenegroarrak ortodoxoak eta Bosnian, 1991ko erroldari jarraituz, %43,7 musulmanak, %31,4 ortodoxoak, eta %17,3 katolikoak. Baina hara nondik gaur egun ere ortodoxoen artean bereizketa berri bat jaio da: bi nazio desberdin dira hizkuntza bera eta erlijio bera profesatzen duten montenegroarrak eta serbiarrak. Baina konplexua jarraitzen du izaten errealitateak. Milosevic montenegroarra zen beste zenbait serbiar buruzagi nazionalista bezala.

Orduan zergatik da independentea Montenegro? Parte handi batean diruagatik. Serbia eta Montenegroren arteko batasunak 90eko hamarkadan kostu ekonomiko handia ekarri zion Errepublikari. Montenegro izan zen kaltetu nagusietako bat Jugoslavia desagertzeagatik. Jasotzen zituen diru laguntzak ziplo desagerrarazi ziren, eta gainera, gerrateen gastuak eta nazioarteko enbargu ekonomikoak egoera ekonomiko oso ahulean jarri zituen montenegroarrak. 1997an marko alemana hartu zuten moneta moduan inflazioa kontrolatzeko (Belgradeko kontrol monetariotik askatu eta erabaki zuten Berlineko kontrol monetariora pasatzea). Ekonomiari dagokionez, Montenegroko ekonomiaren kontrola parte batean Alemaniako bankuaren esku egongo zen lehenengo, eta ondoren, Europako bankuaren esku. Trukean, Montenegrok milaka aleman turista jasoko zituen urtero; eta garrantzitsuagoa zena, urtez urte gehiago ziren bertan udara pasatzeko etxebizitza erosten zutenak.

Dena den independentziaren prozesuan datarik garrantzitsuena 1999koa da. Serbia eta Montenegro bonbardatzeko erabakia hartu zuen NATOk. Bi errepublikak bonbardatu zituen hasieran. Baina Montenegroko Gobernuak ikustean Serbiak ez zuela amore ematen bere estrategiari itzulia eman eta Milosevic-en Gobernutik aldentzen hasi zen. Sari modura Montenegroren kontrako bonbardaketak geratu zituen NATOk. Ondo ikasi zuen Montenegroko Gobernuak mendebaldeko potentziekin kolaboratzeak saria zekarrela. Logika horri helduz, nortasun berezia aldarrikatzen hasi zen Belgradetik aldenduz. Herrialdea independentea zen de facto, eta egoera ofizial bilakatu zen 2002an Serbia eta Montenegroren arteko Federazioa sortzearekin. 2006ko maiatzaren 25eko erreferendumarekin eman zen azkeneko pausoa, Montenegroko Estatua independente bilakatu zen independentziaren aldeko %55,5eko boto kopuruari esker.

Ni ez nago montenegroarren borondatearen aurka. Independenteak dira hala nahi izan dutelako; zorionak. Artikulu honetan azaldu nahi dudana da parte handi batean independentzia hori ekonomiagatik dela, eta gainera, erosia izan dela Mendebaldeko potentziekin lerrokatuz (zilegi da Europar Batasunean sartu nahi izatea besteak beste...). Beste batzuek ordea, independentziaren posibilitatea ezin dute urratu Mendebaldeko potentzien esanetara ez dau- delako. Independentzien merkantilizazioa aspaldi jarri zen martxan Balkanetan, baina orain inoiz baino argiago ageri da saltzaileak Mendebaldeko potentziak direla. Bestela begiratu Srpska Errepublikari.

Bosnia-Herzegovina bi entitatek osatzen dute egun: Bosnia-Herzegovinako federazioak (gehiengoa musulmana da eta kroaziarren gehiengoko lurraldeak barne hartzen ditu, nahiz eta azken horiek aurrekoengandik banandu nahi diren) eta Srpska Errepublikak (serbiarren gehiengoko lurraldea). Azken horrek independentzia nahi du Montene- grok nahi izan zuen bezala. De facto independentea da Montenegro zen bezala. Baina errealitatea da ezin duela eskuratu nahi duena erosteko ahaleginik ez duelako egin oraindik. Bai beharrezkoa da horretarako mendebaldeko potentzien aurrean prakak jaistea. Zergatik Montenegro bai eta Srpska Errepulbika ez? Baten batek esango du arrazoiz bertan gerra bat egon zelako, populazioa anitza delako (zoritxarrez Montenegron baino aniztasun gutxiago dago) eta lur banaketak hala nola egin zirelako. Baina kontuan eduki behar da Balkanetan jaiotako estatu independente gehienek antzeko baldintzetan eskuratu dutela independentzia. Eta Kosovorena gauzatzen bada antzeko kasu bat izango da.

Nazioarteko komunitateak bihar aurkeztuko duen planak badirudi Kosovo independentziaren bidean jarriko duela. Kosovoko agintariak antza ondo portatu dira mendebaldeko herrialdeekin. Dena den, horrela nahi badute Kosovoko herritarrek, primeran. Baina gogoratu Kosovon ere badirela serbiarren gehiengoa duten lurraldeak (gutxituak NATOko indar armatuak sartu zirenetik, ordutik asko izan baitira albaniarren erasoengandik ihes egin duten serbiarrak) ez dutenak inolako harremanik gainontzeko Kosovorekin. Bide batez ikusi beharko da zein izango diren hurrengo urteetan albaniar gehiengoko beste zonalde batzuen mugimenduak: Serbia hegoaldeko herri batzuk, Mazedoniako mendebaldea eta Montenegroko ekialdea. Zilegi litzateke horiek bat egitea Kosovorekin edo Albaniarekin bat egitea...? Erantzunak ez dirudi oso zaila, Mendebaldeko gobernuekin txintxo portatzen badira Mazedonia eta Montenegroko gobernuak ez dute pairatu beharko Serbiak sufrituko duen separazioa.

Pasa den hamarkadan Kroaziako Gobernua zintzo portatu zen mendebaldeko gobernuekin eta hara, bere mugen barnean gelditu ziren Krajinak eta Ekialdeko Eslavonia (gehiengo serbiarra zuten Kroaziako estatu barneko bi lurralde). Kroaziak bere independentzia aldarrikatu zuenean, Eslavonia ekialdeko bi lurralde- tan, Barainan eta Mendebaldeko Sremen, hain zuzen, errepublika serbiar bat osatu zuten, eta Krajinan beste bat. Armak eskuetan zituztela, independentzia aldarrikatu eta gudari ekin zioten. Gero, bake akordioak iritsi ziren. Horien arabera, bi errepublikek autonomia izango zuten, nazioarteak babestua. Praktikan independenteak zirenez, hurrengo urteetan Kroaziako Estatu barnean txertatzeko plan bat hitzartu eta horien autonomia segurtatzeko urratsak egin beharko zituzten.

Gauzak ez ziren gertatu paperetan sinatu bezala. Ekialdeko Eslavonia Kroaziaren kontrolpera itzuli zen 1998an nazioarteko komunitateak aginduta. Gaur egun, egoera kezkagarria da. Serbiarrek han gelditzeko pizgarri gutxi dituzte, eta beren etorkizuna zalantzan dago. Krajinetan, berriz, egoera krudelagoa izan zen. 1995ean, Bosnia-Herzegovinako guda bukatzen ari zela, kroaziarrek eraso bat egin zuten. Ordurako, Kroaziako Armadak ekipamendu iparramerikarra eta Estatu Batuetako aditu militarren laguntza zuen.

Operazioa lazgarria izan zen: bonbardaketak eta lurrez eginiko erasoak izan ziren. Etxe asko suntsitu zituzten, eta jende asko erail. Guztira, 150.000-200.000 serbiarrek ihes egin behar izan zutela uste da. Hori guztia NATOren laguntzarekin eta NBEko soldaduen utzikeriagatik gertatu zen. Gogoratu behar da, ekintza militarra egin baino lehen, NBEko kasko urdinak Krajinetatik joan egin zirela Kroaziako Gobernuari eskuak libre uzteko.

Kroaziak, Montenegrok eta Kosovok independentzia edo mugak mantentzeko modua izan dute Mendebaldeko herrialdeek jarritako merkealdietan erosi nahi izan dutelako. Ordea, Ekialdeko Eslavoniak, Krajinak eta Srpska Errepublikak ez dute burujabetasuna lortzerik izan Mendebaldeko herrialdeen merkealdiez paso egin dutelako.

Baina baten batek akaso pentsa dezake ez duela zentzu gehiegirik Srpska Errepublika independizatzeak. Azken finean, Bosnia eta Herzegovinan denek hitz egiten dute hizkuntza bera eta ez dago arrazoirik, beraz, erlijio edo fideltasun politiko desberdinengatik batasun hori hausteko.

XIX. mendean, Vuc Karadzic serbiar nazionalista eta hizkuntzalariak, serbiar guztiek estokaviera hitz egiten zutela argudiatuz, dialekto hori hitz egiten zuen edonor serbiarra izango zela ondorioztatu zuen. Hau da, montenegroarrak, serbiarrak, edozein erlijiotako bosniarrak eta kroaziarren bi herenak. Kajkavieraz egiten zutenak, ordea, esloveniarrak zirela zioen; eta, azkenik, kroaziarrak caka- vieraz mintzo zirenak soilik zirela esaten zuen.

Starcevic apaiz kroaziarrak bazuen bere teoria: serbiar guztiak kroaziar ortodoxoak baino ez zirela. Eztabaidak ez zuen askorik iraun. Izan ere, bi nazionalistek agerian uzten zuten, kroaziarrak eta serbiarrak aipatzerakoan, herri bakar bati buruz ari zirela. Gauza batek soilik banatzen zituen: ez zetozen bat nazio horri egokitu beharko litzaiokeen izenaren inguruan.

Bosnia-Herzegovina, Kroazia, Montenegro eta Serbiako eslaviar herrialdeen arteko bereizketa nazionalak inperioek sortu zituzten, ez dago dudarik. Eta orain, XXI. mende hasieran, atzera buelta egin dugu eta nazio bera (nahi duzuen izena erabili) desegituratu eta lau estatutan banatuta ageri da. Albaniarrek, aldiz, gauzak argiago izan dituzte, eta haien artean ortodoxo, katoliko eta musulmanak aurki daitezkeen arren, denek dute garbi Albaniako nazio bakarraren parte direla. Alde horretatik, Kosovoren independentziak ez du pegarik, albaniarrak nazio bat dira Mendebaldeko potentzien merkealdien aurretik eta ondoren. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
El fiscal solicita que Iñaki de Juana sea trasladado a casa bajo vigilancia policial
Euskal Herria
El Consistorio de Iruñea niega que los Caídos sea símbolo franquista
Ekonomia
LAB denuncia que en el ámbito laboral «aún se puede asesinar impunemente»
Kultura
Korrika Kulturala otsailaren 1ean dator
Kirolak
A Croacia no le tiembla el pulso y vuelve a meter a Dinamarca en apuros
Jendartea
Las vías de la red principal sufren los más graves problemas de tráfico
Euskal Herria
ETA ha denunciado en cada reunión con el Gobierno el incumplimiento de los acuerdos
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss