GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2007-01-25
Elur ekaitza
Elur eskean aritu eta etorritakoan aurpegirik onenarekin jaso dute askok
Zuriturik esnatu zen atzo Euskal Herria, baina batean eta bestean bota zuenaren artean bazen aldea. Itsasertzean, ikusteko adina; mendialdean, berriz, ibiltzerik ere ez zegoen. Hainbat herritan, ordea, ohituta daude nonbait elurretara, eta batera edo bestera ez dute moldatu ezinik izaten. Gustura hartu dute elurrak utzitako irudia, eta tartean bada oraindik ere elur gehiagoren eske dagoenik.

BAIONA- GASTEIZ- DONOSTIA

Hori da miseria! Azken hilabeteetan eguraldia maiz izan da hizpide. Aldrebestuta zebilela... Garai hauetarako epelegi egiten zuela... Elurretan hasi duenerako, ordea, eguraldia berriz ere hizpide hartu eta bada kexuka hasi denik. Tartean bada, baina, eguraldi txarrari aurpegi onez begiratzen dionik.

Errezilen bizi da Jone Irulegi, atzo goizean aurkitutako irudia benetan gustukoa zuen. «Herria zuri-zuri aurkitu dugu goizean, eta orain ere bota eta bota ari du». Goizean goizetik hasi ziren Gipuzkoako herri horretan elurra kentzeko makinak lanean, baina baserri inguruetako bizilagunek komeriak izan zituzten etxe ingurutik ateratzeko. Eurek, ateratzeko; eta okinak, eurera bertaratzeko. Hala ere, Irulegik arazo handirik ez dela izaten azaldu zuen. «Errezil nekazaritza giroko herria da, eta horrelakoetan ohikoa izaten da izozkailu handiak izatea; horietan beti izaten da ogi zatiren bat». Ez da konpontzerik ez dagoen arazorik.

«Irtetea behar-beharrezkoa ez duena etxean geratzen da, eta kito! Lanera joan behar duenarentzat beste kontu bat da». Hala ere, eta errepidea trakesten badu ere, hau zioen Irulegik: «Egun pare batean gustura hartzen da elurra, hortik aurrera aspertu egiten du».

Elurrez bapo zeuden Nafarroako Goñi herrian ere, eta bertara «ez okinik, ez medikurik ez eta postaririk» ez zen joan atzo. «Larrialdiren bat izanez gero, pentsatzen dut traktoreren batekin edota herritarren auto handiren batekin jaitsiko gintuzketela. Gainerakoan, etxean egongo gara, etxean dugun ogi apurrari probetxu ateratzen», esan zuen barrezka Angel Maria Zulet bizilagunak. Umoreko zegoen eta brometarako tartea ere hartu zuen: «Ez gara kexatuko; hemen, behintzat, auto ilara handirik ez da sortzen elurra dela-eta».

Orreagan «eman eta uzteko adina elur» zegoela zioen Puri Garate bizilagunak. Gustura zegoen leihotik elurra nola botatzen zuen begira, eta eguraldiak hobera eginez gero paseotxo bat emango zuela zioen. «Metro erdiko elurrarekin oraingoz ezin dugu paseo handirik egin», adierazi zuen.

Javier Latxa Maeztuko herritarrak atzo goizean hogei bat zentimetro inguruko elur geruza zegoela zioen. Inguruetako mendialdeko herrietan arazo gehiago baziren ere, Arabako herri horretan arazo handirik ez zela zioen. «Egonda ere moldatuko ginateke», esan zuen. Izan ere, Latxaren esanetan, oso premiazkoa zen elurra egitea. «Mendia oso lehor zegoen eta orain elurrik egiten ez badu, gero etorriko dira lehorteak eta komeriak», azaldu zuen. Hori dela eta, hau zioen: «Gustatuko litzaiguke elur gehiago ere botako balu».

Elurrak batzuei etxean goxo-goxo geratzeko eta beste batzuei gozatzeko aukera ematen badie ere, lan ugari ematen die bakan batzuei. Esaterako, Elgetako Udaleko brigadaburu Fernando Zenitagoiari. Goizeko seiak laurden gutxiagotan hasi zen atzo lanean; Gipuzkoako herrian duten elurra kentzeko makina hartu eta kaleak garbitzen ibili zen. «Lehenik, industrialdeko sarrera-irteerak, errelebo aldaketarako; ondoren, eta herriko pare bat kale garbituta, baserrietako bideak zabaltzeari ekin diogu», esan zuen. Ez zen bertan amaitu, ordea, bere lana, arratsaldean pala hartu eta espaloiak garbitu behar baitzituen. Elgetan nahi duenak du eskura gatza atariak garbitzeko, baina Zenitagoiak azaldu zuenez, oso jende gutxik egiten du eskaera. «Lehen ohitura handia zegoen nork bere ataria garbitzeko; egun, ez».

Uribarri-Ganboako urtegi inguruko herrialdeetan ogia banatzen duen okinak ez zuen arazorik izan. Goizeko lenenengo orduetan Legutianotik irten eta betiko ibilbidea egin zuela nabarmendu zuen eguerdian. 14 urte daramatza lan hori egiten, eta elurteei begira, prestatuta dago. Furgonetak neguko gurpilak ditu eta, badazpada, pala darama barruan. Alerta egoera dela-eta, bizilagunak lasai daudela zioen, badakitelako azalduko dela. Atzoko ibilbidean ez zuen pala atera behar izan. Baina Legutianora itzuli zenean, Nafarroatik, Peralta herrian barrena hain zuzen ere, asteazkenero bertaratzen den fruitu-saltzailea lagundu behar izan zuen, bertako plazatik ateratzeko zailtasunak izan zituelako. Aldapari aurre egin ezinean ibili zen, ondoko eserleku eta lorezainei jotzen. Azkenean, furgonetatik pala atera eta dozena erdi bat lagunen laguntzarekin, herria utzi zuen fruitu-saltzaileak. Butano-saltzailea ere ez zen agertu.

«Badaezpada erosten da ogia»

Nafarroa Behereko Donibane Garazin, Baigorrin eta Aldude bailara inguruan bapo egin zuen elurra. Etxe gehienetara, ordea, arazorik gabe ogia banatzera ailegatu ahal izan zirela kontatu zuen Baigorriko Irastortza okinak: «Ogia banatzeko elurreko gurpilak jarri eta ia etxe guztietara ailegatu gara; heldu ezin zen tokietara joan gabe gelditu gara, baina ondoko etxeetan utzi dugu ogia, eta gero haiek traktorearekin jaitsi dira».

Elurrak jendea beldurtzen duela azaldu zuen Irastortzak: «Jendea izutu egiten da; uste du elurra egiten duelarik ez dela ogirik izanen hiru edo lau egunez. Goizean goizik etortzen dira eta usaian hartzen dituztenak baino ogi gehiago erosten dute».

Barnealdeko bide sareaz arduratzen den Kontseilu Nagusiko teknikari Philippe Goienetxek goizean goizetik bideak garbitzen aritu zirela azaldu zuen. «Gaueko elurrari aurre egiteko kamioi bat igorri dugu Pauera gatz bila, gatzik gabe ez baita lan ona egiten ahal», azaldu zuen.

Urepeleko bideak izan ziren garbitu zituzten azkenetarikoak. Aldudeko bailararen bukaeran dagoen herrian elurra egiten duen bakoitzean beren bitartekoekin moldatu behar izaten dutela azaldu zuen herriko Hor Dago gaztandegiko jabeak: «Traktoreak eta 4x4 ibilgailuak asko baliatzen ditugu elurrari aurre egiteko. Elurra kentzeko makinek lan handia izaten dute, eta ez dira beti honaino ailegatzen ahal». Urtero hiruzpalau aldiz izaten dute elurra herrian, eta horri aurre egiteko egiturak egokituta daudela aipatu zuen gazta egileak: «Ni 4x4arekin arazorik gabe ibiltzen naiz, eta esne bila joaten naiz baserrietara; batzuek berek ekartzen dute esnea traktorearekin».



Ikasleek atera zioten probetxurik handien
Iker IRIARTE

IRUÑEA

Halakoetan ohikoa denez, gazteek eta ikasleek atera zioten probetxurik handien atzoko elur egunari. Errepideetako egoerak, hotzak eta gainerako jendearen kexek ez dituzte batere larritzen; elurte handia izaki, eskolara joaterik ez dutela bakarrik dakite. Ehunka haur eta gazte geratu ziren eskolara joan ezinik ­edo joan gabe, besterik gabe­.

Elurrak gehien erasan zuen herrialdea izaki, Nafarroan ikusi genituen eskolara joan gabe geratu ziren haur gehien. Goizeko lehendabiziko orduan egin zuen elurra indarrik handienarekin, eta horregatik ikastetxeetara sartzeko orduan errepideak oso gaizki zeuden. Hori dela-eta, ehunka ikasle nafar geratu zen ikastetxera joan gabe. Hogeitik gora ikastetxek utzi zituzten bertan behera eskolak herrialde osoan: Garraldan, Behintza-Labaienen edo Eratsunen, bai eta Zangozan eta Tafallan ere.

Horrez gainera, beste ikastetxe askok, 70 inguruk, Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, ikasle edo irakasle eskasiarengatik edo garraioak behar bezala ibili ez zirelako, arazoak izan zituzten.

Gainerakoan ere nabaritu zen elurtearen eragina; eta Otxandioko, Artxandako Jesus y Maria eta Maeztuko ikastetxeak ere itxi zituzten. Era berean, Murgiako ikastetxean gaur ez dela eskolarik izango jakinarazi zuten.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
El fiscal solicita que Iñaki de Juana sea trasladado a casa bajo vigilancia policial
Euskal Herria
El Consistorio de Iruñea niega que los Caídos sea símbolo franquista
Ekonomia
LAB denuncia que en el ámbito laboral «aún se puede asesinar impunemente»
Kultura
Korrika Kulturala otsailaren 1ean dator
Kirolak
A Croacia no le tiembla el pulso y vuelve a meter a Dinamarca en apuros
Jendartea
Las vías de la red principal sufren los más graves problemas de tráfico
Euskal Herria
ETA ha denunciado en cada reunión con el Gobierno el incumplimiento de los acuerdos
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss