BSH multinazionalak Lizarrako lantokian140 lanpostu kendu nahi ditu, langileriaren erdia
·Erabakia idatziz jaso ahal izateko beste bilera bat eskatu dio Enpresa Batzordeak Zuzendaritzari
MADRID
Lizarrako BSH multinazionaleko Zuzendaritzak astearte goizean esan zion Enpresa Batzordeari LAB eta UGTko bosna ordezkarik, Koadroetako bik eta CCOOko bakarrak osatzen dutena datozen bi urteetan langileriaren erdia kendu nahi duela. «2009. urterako, hortaz, orain gauden 280 langileetatik 140 bat galduko ditugu enpresak produkzioa jaitsiko duela diolako», azaldu du enpresako LABen ordezkari Xabier Astizek. «Enpresak etekinak nahi ditu, argi dago, eta egiten ditugun berogailuek jada ez dutela dirurik ematen dio, merkatua zaildu egin delako beste herrialde batzuen konkurrentziagatik. Datozen bi urteetan orain egiten ditugun aire-girotuko aparatuak egiteari utzi nahi dio eta horien ordez ontzi-garbigailuen modelo bat eta lehortze ponpa batzuen zati bat egingo genuke», gaineratu du.
Astizek erabakia aspalditik Alemanian hartuta zegoela salatu du eta orain Zuzendaritzari beste bilera bat eskatu ostean, erantzunaren zain daude batzordeko kideak. «Albistea ahoz esan ziguten, ez idatziz, eta ez ziguten xehetasun gehiago eman. Enpresa Batzordekook bilera bat eta erabakia formalki idatziz aurkezteko eskatu dugu, horren ostean ikusiko baitugu zer egin eta nora jo», azaldu du.
«Mobilizazioak egiteko ere oso presente izan behar dugu bi taldetan banatzen dela lantokiko langileria. Batetik, 51 urtetik gorako langileak daude, eta bestetik, azken bi urteetan lanera sartutako 28 eta 30 urte bitarteko langileak», gaineratu du Astizek. Izan ere, Zuzendaritzak aurretiko erretiroak aurrez ikusi ditu langile kopurua murrizteko, hain zuzen, 56 urtetik gorakoei zuzenduta.
Datozen hilabeteetan egin nahi du, gainera, berregituraketa horren lehen fasea; lehenengo 70 bat postu desagerraraziko ditu, beraz. Astizek az- ken urteetan ere langileria «nabarmen» jaitsi dela salatu du.
|