Txirrindulariek badakite noiz eman behar duten maila
BILBO
Igor Gonzalez de Galdeanok hiru multzotan banatu du taldea iragan asteko Benidormeko egonaldian. Multzoak ez ditu nolanahi egin gasteiztarrak, baizik eta denboraldiko plangintzari begira. 29 txirrindulari ditu Euskaltel-Euskadik eta egutegi zabala UCIPro Tourrean lehiatzeko. Ez du hutsunerik izan nahi gasteiztarrak, eta otsailetik urrira arte lehia ematea espero du. Giro, Tour eta Vuelta itzulien inguruan egin du egutegia taldeko idazkari nagusiak.Erritmo ezberdinak izan dituzte hiru multzo horiek Alfaz del Pi herrian. Batzuk gogor ibili dira errepidean denboraldia indartsu hasteko;beste batzuek, berriz, mantsoago ekin diete entrenamenduei, xedeak urrunago dituztelako. Samuel,Bru eta Astarloza izango dira hasierako buruak, Euskal Herriko Itzulira arte. Etxebarria, Aranaga, Hernandez, Azanza edo Verdugo aurreneko lasterketetan nabarmentzen saiatuko dira. Hain zuzen, Euskal Herriko Itzulia eta udazkeneko klasikoak ditu helburu nagusi, eta Samuel izango da liderra.Klasikoetan, Etxebarriak, Aranagak eta Fernandez de Larreak askatasuna izango dute. Hasierako itzuli handia Giroa izango da, eta taldeko idazkari nagusiak iazko antzeko multzoa eramango du Italiara; hau da, gazteak baino gogotsuak: Fernandez de Larrea, Hernandez, Irizar,Luengo eta Peña.Alan Perezek eta Mayozek aukerak dituzte, baita Uribarrik, Iriondok, Aperribayk eta Velascok; horiek lehen aldiz arituko dira itzuli handian. Tourrari begira, eskarmentuko multzoa bidaliko du Gonzalez de Galdeanok. Mayo ez dago, beraz, Zubeldiak hartuko du taldearen ardura, eta lider sendoa izango dela espero dute Derion.Berriro, Isasi eta Landaluze lehiatuko dira itzuli frantsesean, eta Astarloza, Galdos eta Txurruka heldu berriek parte hartuko dute. Litekeena da Verdugo han izatea, eta Anton ere joango da, ondo bidean. Azkenik, Bruk edo Ruben Perezek aukerak dituzte. Espainiako Itzulia urrun da, irailean, eta aldaketa eta gorabehera dezente izan daiteke denboraldian.Hasiera batean, Samuel Sanchez izango da liderra, eta Astarloza lehiatu egingo da.
|