Txuma Puy baldintzarik gabe kartzelatu du Andreu epaileak
Txuma Puy Auzitegi Nazional espainolera eraman zuten atzo, eta Fernando Andreuk baldintzarik gabeko espetxeratzea agindu zuen atarrabiarrarentzat. «ETAko kide izatea» Estatu frantsesean zigortu zuten delitu horregatik 2000. urtean eta «lehergailuak gordetzea» leporatu dio. Puy ostegunean atxilotu zuen Guardia Zibilak La Jonqueran.
MADRIL
Fernando Andreuk baldintzarik gabeko kartzelatzea agindu zuen Txuma Puyrentzat, bi delitu leporatuta: «Talde armatuko kide izatea» eta «lehergailuak gordetzea». Iturri judizialak aipatuz Efe eta Europa Press agentziek agertutakoaren arabera, Estatu frantsesean betetako zigorra, «helburu terroristak dituen gaizkile taldeko kide izatea»gatik betetakoa, baieztatu nahi du orain Auzitegi Nazionaleko 4. Instrukzio Epaitegi Zentraleko epaileak, hala izanik, ezingo bailioke «talde armatuko kide izatea» leporatu.Hain zuzen ere, 2000. urteko urrian Parisko Auzitegi Korrekzionalak delitu horrexegatik zigortu zuen zortzi urteko kartzelaldira. Parisko Auzitegiak jarritako zigorra ostegunean bete zuen Atarrabiako presoak, eta Polizia frantsesak La Jonquerako (Girona)mugara eraman zuen eguerdi partean, han Guardia Zibilaren esku utziz. Minutu batzuetan La Jonquerako komandantzian eduki zuten eta, ondoren, atxiloturik, Madrilera eraman zuten guardiek. Arratsean Soto del Real espetxean sartu zuten.
1997ko agindua
Efe agentziak nabarmendu zuenez, Auzitegi Nazionaleko 4. Instrukzio Epaitegiak 1997an bilatze eta atxilotze agindua eman zuen atarrabiarraren kontra, ETAren «Bizkaia komandoko» kide izatea eta armak eta lehergailuak edukitzea leporatuta. Itxuraz, azken delitu horregatik akusatu du orain Fernando Andreuk.Auzokidearekin gerta zitekeenarekin larrituta azkenean aurreikuspenik txarrenak bete dira, Atarrabiako herritarrek hainbat ekimen egin dituzte azken aste hauetan Puyren askatasuna eskatzeko. Ostegunean bertan, adibidez, hainbat senide eta lagun abiatu ziren Polizia frantsesak entregatu zezakeen tokietara hari elkartasuna helaraztera eta, aske geratuz gero, etxera elkarrekin itzultzeko asmoz. Alabaina, itzulera Txuma Puy gabe egin behar izan zuten. Gauean, 50 lagunek elkarretaratzea egin zuten eta ia ordubetez errepide moztu. Askatasunak atarrabiarraren entrega salatu zuen egun horretan, baita poliziakide espainolek bere senide eta lagun zenbait identifikatu izana ere.
|