Gazteen elkartasuna denon eredu
Euskal Herriko Gazteriaren Kontseiluak (eHgk) Auzitegi Gorenak «Jarrai-Haika-Segi» auzian eman zuen epaia salatu izana lehenik elkartasun erakusgarri da. Gazteen arteko elkartasuna, koloreari erreparatu gabe. Izan ere, askotariko gazte erakunde eta elkarteek osatzen dute eHgk, eta, ezberdintasunen gainetik, euskal gazteriaren parte baten kontrako erasoari erantzun bateratua ematen asmatu dute. Alde horretatik, euskal erakundeei epai horrek dakarren eskubideen urraketa salatzeko eskatu die. Gazte erakunde horren agerpen hori, bestalde, euskal gazteen heldutasunaren ispilu da eta, berriro ere, topikorik hutsalenaren pare uzten du gazte eta heldugabeen identifikazioa, gazteria kontrolpean nahi duen jarrera paternalistaren ondorio dena. Auzitegi Goren espainolaren ebazpena, hiru gazte erakunderen kontrako kriminalizazio eta zigorretik harago, independentismoaren kontrako ebazpena da, eta, testuinguru horretan, bereziki aktiboa den arlo baten, gazteriaren, kontrakoa. Epaiak kartzela zigorra ezarri zien 23 gazteri, baina Euskal Herriko Gazteriaren Kontseiluak ohartarazi duen bezala, halaber, milaka gazteren eskubide zibil eta politikoak ezabatu ditu. Hedabide askok, epaileek, hainbat politikarik gazte horien irudi jakin bat eman nahi dute, inola ere errealitateari dagokiona, jakina baita euskal gizartean guztiz txertatuta daudela. Euskal Herrian oso sustraituta dagoen eta sinesgarritasun handia duen erakunde bateko kideak dira, urte askoan beren herriaren eta bereziki euskal gazteriaren alde lan serioa egin dutenak, eta ordezkatzen duten proiektua herri honetako proiektua da, inondik ere. Hain zuzen, proiektu politiko hori babesteagatik zigortu dituzte delako irudi desitxuratua baliatuta, beren jardun luze eta askotan nekezak duen onarpena ezkutatu nahian. Euskal Herriko Gazteriaren Kontseiluak konpromiso irmoa erakutsi du auzi horretan. Gazte guztiek beren jarduerak askatasunez gauzatzeko eskubidea dutela argi utzita, Euskal Herriko gazte erakunde edo talde guztiekin harremanak izaten jarraitu eta talde horien arteko harremanak sustatuko dituela agertu du. Beste zenbait arlotan ere sumatu da konpromiso hori, baina arlo politikoan konpromiso horren falta nabarmena da hainbat erakunde eta eragileri dagokienez. Entzun dira zenbait adierazpen, baina oraindik ez da haien araberako pauso bat ere ikusi. -
|