Artea Oinez 07 erakusketa ibiltariak 86 artisten lanekin ireki ditu ateak Iruñean
Iruñeko Gotorlekuko Armen aretoan atzo arratsean inauguratu zen Artea Oinez 07 erakusketa, eta martxoaren 18a bitartean izango da zabalik. Euskal Herrian bizi diren edota bertakoak diren 86 artisten lanak ezagutzeko parada eskaintzen du ekimenak, eta xede didaktikoaz gain, artelanen salmentarekin aurtengo Nafarroa Oinez-en hitzordurako laguntza biltzea ere badu helburu. Olioa, akrilikoa, collagea, teknika mistoa, argazkiak... asko dira bertan ikus daitezkeen lanak. Arduradunen esanetan, «euskal arteak bizi duen aberastasun artistikoa eta askotariko aldaera estetikoak egiazta» daitezke bertan.
IRUÑEA
Arratsaldeko inaugurazioa baino ordu batzuk lehenago aurkezpen agerraldia egin zuten atzo Iruñeko kultura zinegotzi Ignacio Perez Cabañasek, Erentzun Ikastolako zuzendari AritzLizarragak eta lehendakari Ventura Gonzalezek, eta erakusketako koordinatzaile Beatriz Dueñasek.Hiriburuan bertan azaldu zuten Artea Oinez 07 erakusketa ibiltariak 86 artisten artelanak biltzen dituela, bai eta lan horiek askotarikoak eta ezberdinak direla ere. Hain zuzen ere, olioa, akrilikoa, collagea, teknika mistoa, eskultura, litografia, grabatua, argazki digitala... esparru ezberdinetako lanak ikus daitezke. Beatriz Dueñasek azaldu zuenez, erakusketako arduradunen «lehen helburua artelanak ezagutaraztea da. Gure asmoa hau ekintza kultural didaktiko bat izatea da, haurrek ere parte har dezatela, eta estilo ezberdinetako lanak erakustea». Hori lortzeko 86 artisten laguntza izan dute, eta, horri dagokionean ere, lana «erraza» izan dela gaineratu zuen: «Erraza izan da, hasi ginenetik nahiko ondo erantzun digute, eta gehienak prest egon dira. Batzuek ezin izan dute artelan bat utzi egun hauetarako, baina artistak primeran portatu dira».
Iruñetik Vianarako bidaia Aipatutako «helburu didaktiko» horretaz gain baina, Artea Oinez 07 erakusketan ikus daitezkeen artelanen salmentarekin Nafarroa Oinez-en hitzordu berrirako laguntza biltzea ere bilatzen dute arduradunek. Aurtengo jaialdi euskaltzalea Vianak hartuko du berriro, eta bertako Erentzun Ikastolari egokitu zaio prestakuntza lanen ardura.
Iruñeko Gotorlekuko Armen aretoan erakusketa bisitatzeko beta martxoaren 18ra arte izango da. Nolanahi ere, ekimena ibiltaria da, eta gerora Gasteizko Hegoalde gizarte etxean (apirilaren 1etik 15era), Lizarrako Fray Diego kultur etxean (maiatzaren 16tik ekainaren 10era), Donostiako Ernest Lluch Amarako kultur etxean (ekainaren 15etik uztailaren 20ra) zein Vianako kultur etxean (irailaren 15etik irailaren 30era) izango da.
|