GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2007-02-03
«Bidaiak scriptoriumean zehar» Paul Austerren eleberria euskaraz irakurgai
Paul Auster nobelagilearen lan berriaren euskarazko itzulpena kalean dago, gaztelaniazko, katalanezko eta galegozko itzulpenekin batera. «Bidaiak scriptoriumean zehar» eleberri laburra da baina zer pentsa handia ematen duela nabarmendu zuen Alberdaniako ordezkariak. Adineko gizonezko baten istorioa kontatzen du. Gela soil batean dago eta ez daki nor den ezta zergatik dagoen han. «Zahartzaroari eta krudelkeriari buruzko gogoetarako bidea ematen du», adierazi zuen Oskar Aranak.

DONOSTIA

Paul Auster (1947, New Jersey, AEB) idazlearen “Travels in the scriptorium” azken eleberria euskaratu du Oskar Aranak, Alberdania argitaletxearen eskutik. Liburua jatorrizko bertsioan (ingelesez) iaz kaleratu zuten, eta orain aldi berean euskaraz, katalanez, galegoz baita gaztelaniaz ere irakurri ahalko da. Euskarazko itzulpenak “Bidaiak scriptoriumean zehar” izenburua du.

Alberdaniak argitaratzen duen Austerren bigarren itzulpena da. Iaz “Brooklingo erokeriak” plazaratu zuen. “Bidaiak scriptoriumean zehar” hura baino laburragoa da. Hala ere, 140 orrialdetan zer pentsa handia ematen duela ohartarazi zuen Inazio Mujika Alberdaniako ordezkariak.

«Istorio dentsoa» dela eta irakurketa bat baino gehiago eskatzen duela uste du Arana itzultzaileak. «‘Brooklingo erokeriak’ otordu oparoa zen; oraingoa, arratsalde erdian hartzen den kafe motz baina zaporetsua da, gauera arte aho sabaian arrastoa uzten duen horietakoa», adierazi zuen.

Eleberriak gogoeta ugari egiteko bidea ematen duela nabarmendu zuen itzultzaileak. «Zahartzaroari buruz, idazlearen eta kontatzailearen ofizioari buruz eta krudelkeriari buruz», esan zuen. Kontaeraz ere zertzelada batzuk eman zituen. Egitura azaltzeko matriuskaren eredua ipini zuen. «Kontakizun bat beste baten barruan du, eta istorio bakoitzak estilo eta hizkuntza propioa du».

Kontakizun bat beste batean

Adineko gizonezko baten istorioa kontatzen du liburuak. Gela soil batean dago eta ez daki nor den edota zergatik dagoen han. Nor den oroitzen laguntzeko prozesuan zenbait pertsonaia sartzen doaz gelara. Anna horietako bat da. Pilulez eta tratamenduez mintzo zaio, baita amodioaz eta promesez ere. Gelaren barruan dauden zuri-beltzeko argazki eta eskuizkribu batzuek ere oroimena astintzen diote. «Eskuizkribu horietan dagoen kontakizuna istorio nagusiaren barruko istorioa da eta beste estilo bat du, tradizionalagoa», azaldu zuen Aranak.

Auster ildo sinbolikora itzultzen da eleberri horretan. Pertsonaiaren sentipenak deskribatzen dituenean, Franz Kafkaren anabasaren eta egonezinaren eragina sumatu dio Aranak. Ironia fina, «ia krudela», ere antzeman du Aranak Austerren lan berrian. Bestalde, idazle estatubatuarrak jarraitzaileei keinua egiten die, eleberri honetan aurreko liburuetako pertsonaien ukituak berreskuratzen dituelako. «Auster gordinik aurkitu du irakurleak», laburtu zuen Aranak.

Idazle handien itzulpenak

Paul Austerren azken bi lanekin egin duen moduan, «beste idazle handien liburuak» gaztelaniazko itzulpenarekin batera euskarazkoa ere plazaratzeko asmoa du Alberdaniak. Modu berean, «gaztelaniaz itzulita oraindik ez dagoen literatura ona» ere euskaraz kaleratzea argitaletxearen egitasmoen artean dago.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Gazteen elkartasuna denon eredu
Jendartea
«Es muy probable que el ser humano esté detrás»
Jendartea
Herriak errauste plantaz dioena aintzat hartzeko exijitu du ezker abertzaleak
Jendartea
El nuevo sistema de asistencia a los dependientes necesita de consenso
Euskal Herria
El fallo del Supremo, frente a 28 años de historia y a miles de jóvenes que sustentan Segi
Euskal Herria
Guggenheim museotik abiatuko da gaur azkenik Milakabilakaren manifestaldia
Ekonomia
El paro aumentó en casi 6.000 personas en el primer mes del año en Hego Euskal Herria
Kultura
Artea Oinez 07 erakusketa ibiltariak 86 artisten lanekin ireki ditu ateak Iruñean
Mundua
El plan de la ONU abre las puertas a la independencia de Kosovo
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss