ANGELU
Biriatutik Baionara A-63aren ondoan bizi diren biztanleek osatzen duten Lurra Zain elkarteak informazio-hitzaldi bat antolatu zuen autobidearen handitzeari buruz. Elkarteak argi adierazi zuen iritzia emateko momentua orain dela, otsailean bukatuko den eztabaida publikoak irauten duen bitartean.
Horregatik Euskal Herri osoko biztanleak iritzia ematera deitu zituzten. Erakunde politikoak ere jarrera hartzera gonbidatu zituen elkarteko kide Mixel Estebanek. Hiriburuko herriko etxeak egin berri duen bezala, zabalkuntzaren egungo egitasmoaren kontra bozkatzera deitu zituen.
ASFek (Autoroutes du Sud de la France) aurkeztu duen egitasmoak akats handiak dituela adierazi zuen Estebanek. Ingurumenaren arloan autobideen enpresak aurkeztu aire kutsadurari buruzko datuak aspalditik erabiltzen ez diren teknikekin hartuak izan dira. Horregatik, Lurra Zainek kabinete independente bati handitzeak izango lituzkeen ondorioei buruzko txosten bat egitea eskatu diote, elkarteak berak ordainduta. Heldu diren egunetan txosten hori teknikari independenteei emanen diete. Apirilean azken horiek Estatuaren ordezkariei beraien iritziaren berri emanen diete, eta handik hiru edo sei hilabetera, egitasmoa horrela egingo den edo ez erabakiko du Estatuak.
Beste akats mota batzuk ere baditu egitasmoak. Biriatuko ordainlekuaren toki aldaketa ez du aipatzen eta Ipar Euskal Herriko beste bideekin loturak ez ditu kontuan hartzen.