Euskal Herrian orain arte indarrean egon diren hizkuntza politikak erabat agorturik daude. Gure herrian barrena ezarri diren lege, dekretu eta neurrien saltsaren gainetik, esaldi bakar batek laburbil dezake egoera: eskolak ez du euskalduntzen. Egun abian diren ereduak ez dira baliagarriak euskal belaunaldi berriei euskaraz jakitea bermatzeko; eta, hortaz, euskararen jakintza bermatuko duen hizkuntza politika berria nahitaezkoa da. Euskal hezkuntza komunitateak eta euskalgintzako eragileek hainbatetan adierazitako ideia da hori. Orain, ordea, eztabaida pil-pilean dago Euskal Herria zatikatutako administrazio esparruetan hizkuntza politika aldatzeko aukerak egon daitezkeelako.
Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, esate baterako, Euskararen Erakunde Publikoak «Hizkuntza Politikaren aurreproiektua» onartu berri du. Nafarroan, berriz, datorren maiatzean egingo dituzten hauteskundeetan euskararen gaiak lehentasuna izan dezakeela dirudi. Eta, azkenik, Arabari, Gipuzkoari eta Bizkaiari dagokienez, Gasteizko Legebiltzarrak hilabete honetan bertan hizkuntz ereduen politikaren inguruko eztabaida egitea aurrez ikusia du.
Horiek hala, «Hizkuntz ereduak hezkuntzan, erreformarako proposamenak» izenburuko mahai ingurua egin zuen Martin Ugalde Foroak ostegunean. Bertara, Sortzen Ikasbatuaz-eko kooordinatzaile Julen Etxeberria, Euskal Herriko Gurasoen Elkarteko (EHIGE) lehendakari Ana Eizagirre eta Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko Hizkuntza arduradun Erramun Osa gonbidatu zituzten.
Hizkuntz ereduen sistema gaindituko lukeen eta euskarari lehentasuna emango liokeen sistema baten alde egin zuten aho batez hiru gonbidatuek. Baina sistema horren nolakotasunen inguruan, ñabardura ugari izan zen.
EHIGEren txanda izan zen lehendabiziko, eta hark eredu bakarraren aldeko jarrera azaldu zuen; belaunaldi elebidunak heztea xede duen eredu bakarra, alegia. Euskarak komunikazio hizkuntza izan behar duela ere adierazi zuen Eizagirrek, eta legedia aldatu behar bada ere, poliki-poliki neurriak hartzeari ekiteko garaia dela berretsi zuen EHIGEko lehendakariak.
Erramun Osak hartu zuen hitza ondoren, eta eleaniztasuna alboratu ezin daitekeen faktorea dela deritzo horrek. Pertsona eleaniztunak helburu dituen eta euskara ardatz duen planteamendu baten alde egiten du Ikastolen Konfederazioak, eta hizkuntzak modu bakartuan baino gehiago, modu integratuan landu behar direla argudiatu zuen Osak. Azken batean, eredu komunak dituen askotariko sistema babestu zuen Osak.
Julen Etxeberria izan zen hitza hartzen azkena. Haren aburuz, aldaketa sakona egin behar da, eta arlo guztietan izan behar du eragina. Sortzen Ikasbatuaz-en iritziz, ikasleen eskubideak bermatu behar dira. Ikasleen hizkuntz eskubideak gurasoen aukera eskubideari gailendu behar zaizkiola adierazi zuen.
Egungo ereduen politika mantentzeko argudio bakarrak politikoak direla adierazi zuten hiru hizlariek, eta gurasoen eskariak edota arrazoi pedagogikoek aukera hori babesten ez dutela nabarmendu zuten hiru gonbidatuek.
Etorkinez ere luze eta zabal aritu ziren mahai inguruan. Hizkuntz ereduen sistema gizartearen kohesiorako «oztopoa» dela deritzo Eizagirrek.
Eskolatik at
Eskolaren mugak nabarmendu eta hizkuntza biziberritzeko eskolatik haragoko konpromisoak behar direla adierazi zuen Osak. Alde horretatik, ikastetxeetako paretetatik kanpo euskararen normalizazio planak garapena izan dezan inguruko eragileek elkarrekin lan egitea proposatu zuen Etxeberriak.Autonomia hitza ere behin baino gehiagotan aipatu zuten. Haren alde egin bazuten ere, aurretik ezarritako helburuak betetzen diren frogatzeko ebaluazio sistema egokia nahitaezkoa dela ondorioztatu zuten hiru hizlariek.
Osak «helduleku juridiko sendoaren» premia dagoela adierazi zuen arren, entzule zenbaitek, legearen zain egon ordez, Euskal Herri osoko ikasle ororen euskalduntzea bermatuko lukeen sistema baten alde herri ekimenez lan egiteko garaia dela nabarmendu zuten. -