IDIAZABAL
Aitzineko asteburuan hasi ziren Idiazabalgo bestak, eta, Asier Oiarbide Kultura zinegotzi eta Jai Batzordeko kidearen arabera, orduan izan ziren aurtengo berritasunak. Aurreneko Pop-rock Lehiaketa egin zuten Igarondo pilotalekuko ostatuan, eta Euskal Herri osoko hogeita hamazazpi taldek parte hartu zuten. Horietatik hamabi hautatu zituzten kontzertua eman zezaten. Irabazleak diskoa grabatuko du herriko estudio batean; eta publikoak aukeratutako taldeak, berriz, hurrengo urteko sanblasetan astinduko ditu instrumentuak. Oiarbideren erranetan, hagitz arrakastatsua izan zen txapelketa, eta animazio handia izan zen, pilotalekuko taberna izan baitzuten koalizio ilegalizatuak urtero paratzen dituen txosnen partez. Hurrengo egunerako autokrosa zuten prestatua, baina elurra zela-eta bertan behera utzi behar izan zuten ekitaldi berri hori.
Herri kirol taldearen erakustaldia da, Asier Oiarbide Jai Batzordeko kidearen iritziz, bertze ekitaldi garrantzitsu bat. Aitzineko igandean bezala, bihar ere jaialdia eginen dute hogeita hamar bat gaztek; lehengo astean zegamarren aurkako desafioa egin zuten eta oraingoan herritarren arteko trontza lehiaketa eta aizkolarien erakustaldia izanen dira. Gainezka egin zuen pilotalekuak joan den igandean, eta biharkoa ere ekitaldi arrakastatsua izatea espero dute.
Atzoko mozorroak eta danborrada ere aipatu ditu Oiarbidek; batzuetan inauteriekin batera ospatzen dute egun hori, baina aurten aparte egin dute jaia. Gazte Asanbladak antolatutako Goitibehera Lehiaketa ere benetan gustuko dute idiazabaldarrek. Baina ez eurek bakarrik, joan den urtean leku anitzetako hogeita bi ibilgailu jaitsi baitziren ziztuan Gurutzetako maldatik beheiti.
Gaurko txirrindulari lasterketa eta paella jatea, joan den asteburuko krosa eta laurehun musikari elkartu zituen txistulari alardea... Asko dira Asier Oiarbiderentzat Idiazabalgo sanblasek bere-bereak dituzten dohainak. Ekitaldiz borborka dauden Gipuzkoako lehenengo herri festak ezagutu nahi dituenak bihar arte du aukera.
Egitaraua
Gaur, San Blas Eguna
10.00 : Txistularien kalejira.
11.00 : Meza Nagusia. Parrokiako abesbatzak kantatuko du eta San Blas erroskillak bedein- katuko dituzte. Ondoren, ohiko hamaiketakoa eginen dute.
12.00 : Herriko txirrindulariak lehia- tuko dira.
14.00 : Herritarrek Arretxe elkarte- koek prestatutako paella go- xoa bazkalduko dute.
16.00 : Idiazabalgo Gazte Asanbla- dak antolatutako Goitibehe- ra Lehiaketa.
17.00 : Asier Olaizola eta Ruben Beloki Titin III.aren eta Lasa III.ren kontra arituko dira.
18.30 : Kalejira Sakanako trikitila- riekin.
21.30 : Herri afaria plazan.
00.00 : Izotz musika taldeak alaitu- ko du afalondoa.
Bihar, San Blas Txiki
9.30 : Bola-joko txapelketa.
11.00 : Meza Nagusia.
11.30 : Hamaiketakoa plazan.
12.00 : Sebastian Lizasoren eta Andoni Egañaren saioa.
17.00 : Futbito txapelketako finala.
18.00 : Segurako talogileak plazan.
18.30 : Trontza lehiaketa eta aizko- larien erakustaldia. Ondo- ren, Axaria agurtuko dute Joselu Anaiak taldearekin.
23.30 : Joselu Anaien musika.