- Tau Baskonia
Fuenlabradara bisita, ostera ere lesionatuekin
·Baliteke belauneko zaintiratuak Kopan parte hartu ezinik uztea House estatubatuarra
GASTEIZ
Kopan lehiatu aurretik, azkenengo partida jokatu behar du Tau Baskoniak gaur arratsaldean. Alta Gestion Fuenlabradaren aurka arratsaldeko zazpietatik aurrera neurtu beharko dituzte indarrak Perasovicen mutilek Fernando Martin Arena pabiloian. Liga erregularrari dagokion beste tramite bat izan behar luke arratsaldeko partidak, baina lesioak direla-eta, ez da horrela izango. Izan ere, Le Mansen aurkako neurketak beste bi lesionatu utzi zituen Gasteizko taldean. Alde batetik, Kaya Pekerrek ospitalera joan behar izan zuen lepoan hartutako kolpe baten erruz, arnasari buelta eman ezinda geratu baitzen. Bestetik, Fred Housek zoritxarreko jokaldi batean belaunean kolpe handi bat jaso zuen, eta zaintiratu batekin dago orain. Horiek hala, Perasovicenak erietxea bete lan eta zalantzaz gainezka joan dira Madrilera. Vidal minutuak izaten hasia da eta Peker ere Fuenlabradan jokatzeko prest izango bada ere, Housek ez du gaur arratsaldean jokatzerik izango, eta Kopan parte hartu ahal izateko ere zalantza izango da azken unera arte. Horrezaz gain, Arabako taldeak Tiago Spliterren zalantza dauka, orkatilako arazoekin baitabil ez zuen ostegunean jokatzerik izan eta Planinici oraindik denbora apur bat falta zaio kantxetara itzultzeko.
Etxean indartsu
Fernando Martin Arena ez da kantxarik egokiena kanpotarrentzat. Aurten, behin bakarrik galdu dute madrildarrek etxean, Real Madril liderraren aurka. Aldiz, etxetik kanpo partida bakarra eraman dute, Illunben Bruesa GBCren aurka jokatu zutena, hain zuzen.Orotara, zortzi aldiz jokatu dute arabarrek Fuenlabradan, eta launa bider atera dira irabazle hala etxekoak nola kanpokoak. Esate baterako, iazko denboraldian Fuenlabrada Tauri ongi gailendu zitzaion, 81-73 nagusitu baitzen Luis Casimiroren taldea. Hala eta guztiz ere, talde biek Madrilen jokatu dituzten partiden emaitzak ez dira bi urtean jarraian sekula errepikatu. Beraz, logika horri jarraitzekotan, Tau Baskoniak irabazi behar luke. Fuenlabradak talde-joko sendoa du, baina izarrik izatekotan Tom Wideman hegal-pibot estatubatuarra eta Andres Miso hegaleko madrildarra dira. Hutsune bakarra dute etxekoek, Saul Blancorena, nahiz eta asteon entrenatzen hasi den.
Apunteak
ViveMenorca eta Grupo Capitolen
partidak
Bilbao Basketen eta Bruesaren aurkari zuzenenek, ACB ligako azken postuan diren ViveMenorcak eta Grupo Capitol Valladolidek, gaur arratsaldean jokatuko dute. ViveMenorca Sevillan arituko da Caja San Fernandoren aurka, eta gaztelarrak, etxean, Estudiantesen aurka. Unicaja Pietrus duda dela etorriko da
Bihar eguerdian, Malagako Unicajaren aurka jokatuko du Bruesa GBCk. Andaluziarrek Top 16an jokatzeko txartela eskuratu dute, baina Pietrus zalantza da, bizkarreko uzkurdura baten erruz. Vasileiadis ere zalantza da orkatilako zaintiratua dela-eta.
|