- Binakako Txapelketa
Aritz Laskurain: «Ziur nire bila joango direla»
·Soraluzekoak lehen aldiz jokatuko du gaur Olaizola I eta Beloki bikotearen aurka
DONOSTIA
Final laurdeneko bi partida jokatuko dira gaur: Zornotzan, 16.30ean hasiko den jaialdian, Xala-Eulate eta Leiza-Zearra arituko dira aurrez aurre; eta Idiazabalen, 17.30ean abiatuko den partidan, Titin-Laskurain eta Olaizola I-Beloki bikoteak lehiatuko dira.Gaurko jardunaldiko protagonista Aritz Laskurain izango da, Lasa ordezkatuko baitu, Etxarrikoa gripeak jota dagoelako. Soraluzeko atzelariak ostegunean Asperekin kontratua luzatu zuen lau urtez, eta horrekin batera, Lasa ordezkatu beharko zuela jakin zuen. «Aukera polita da, partida bakar baterako baldin bada ere. Titin eta Lasa enpresa kideak dira, eta eurei laguntzen saiatuko naiz», esan zuen pilotariak. «Asier eta Ruben jokatzen ikusita ezagutzen ditut, baina ez dut inoiz euren aurka jokatu. Bi pilotari indartsu dira, eta ziur nire bila joango direla. Augustok lagunduko dit eta ni eurei aurre egiten saiatuko naiz», adierazi zuen.
Leiza, osatua Eguneko beste partidan, Leiza berriro irtengo da kantxara, San Sebastian bezperan min hartutako txorkatila osatu eta gero. Zearra lagun, Xala eta Eulate gainditzen saiatuko dira. Aurreko koadroetan tanto politak ikustea espero da.
|