2x2aren kontrako hautetsiak pozik baina erne
LARZABALE
Jean-Jacques Lasserrek otsailaren 22an 2x2aren egitasmoa bertan behera utziko zuela adierazi eta bi egunetara, 2x2aren kontrako hautetsien kolektiboa elkartu zen Larzabalen. Bilkura horren ondorioz atera duten komunikatuan kolektiboa erabakiarekin oso pozik dagoela adierazi dute, taldeak hastapenetik proposatu zuen irtenbidea izan baita azkenean aukeratu dutena. Baina taldea ez da horretan geldituko. Gerora proposatuko dituzten egitasmoak hitzarmenen bitartez aurrera eramango dituztela ziurtatzeko, kolektiboak taldea ez desegitea erabaki du, eta etorkizunean inoiz baino erneago eta ausartago jokatuko dutela jakinarazi dute. 2005eko otsailaren 16an Orreagan hautetsiek eta gizarteak antolatu zuten mobilizazioaren ondoren, 2x2- aren kontra agertu ziren pertsona eta erakundeen kopuruak etengabe gora egin du. Abenduaren 20an Kontseilu Orokorreko presidenteari erabakiak eta proposamenak ofizialki eman zizkioten egunerako, Lasserren egitasmoaren kontrako iritzia oso zabaldua zegoen. Bideak Nafarroa Beherean zeharkatzen dituen 23 udalerrietatik 17 kontra agertu ziren; beste 18 udalerrik ere aurkako iritzia aurkeztu zuten, Garazi-Baigorri eta Iholdi-Oztibarre herri elkargoek ere aurkako iritzia agertu zuten, eta Nafarroa Behereko 350 hautetsik kolektiboaren mozioa sinatu zuten. Hautetsien kolektiboaren proposamenen artean Nafarroarekin erlazio ekonomikoak eta kulturalak garatzea aipatu zuten, eta aldi berean, bidea trukeak garatzeko dauden bideen hobekuntza zela baieztatu zuten, eta ez dena ardatz baten inguruan antolatzea. Horretarako bide azpikantonalak eta interkantonalak hobetzea hobetsi dute. Proposamen horiek hitzartzen direla ziurtatzeko erne jarraituko du kolektiboak.
|