Hezkuntza murrizketen kontrako manifestazioa izan zen atzo Hendaian
Hendaiako Irandatz ikastetxetik herriko etxeraino atzo arratsaldean manifestazioa egin zuten, FSU eta CGT-Hezkuntza sindikatuek eta FCPE elkarteko gurasoek deituta. Hezkuntza Nazionalak heldu den urtean ezarri nahi dituen murrizketen kontra egin zuten protesta. Hendaiako ikastetxea sinbolikoki aukeratua izan zen, heldu den ikasturtean hiru ikasgela itxi nahi dituztelako, eta bertan langileek, ikasleek eta gurasoek eraman duten borrokagatik.
HENDAIA
2006-2007. ikasturterako murrizketa gehiago aurreikusi ditu Hezkuntza Nazionalak eskoletan eta ikastetxeetan. Hezkuntzaren kalitateari zuzenean eragiten dion murrizketa politika honen kontra borrokatzeko lehen eta bigarren zikloko Ipar Euskal Herriko irakaskuntza zentroak elkartu egin ziren atzo. Borroka horrek beste hitzordu bat izango du Hazparnen martxoaren 9an herriko hautetsien parte hartzearekin.Hezkuntza Saileko postuak etengabe murrizteko ezartzen diren baldintzak salatzen ditu intersindikalak. Esaterako, haur eskolan bi urteko umeak kontuan ez hartzea, zentro askotan egokitutako ordu kopurua jaistea edo klaseko haurren kopuruaren handitzea. Azken kasu horretan aurkitzen dira Hazparneko Elhuyar, Donibane Lohitzuneko Ravel, Hendaiako Irandatz edo Baionako Marracq ikastetxea. Hezkuntza lanpostuetan izaten den behin-behinekotasuna eta ikasketa giroan izaten ari den txartzea ikasketa zentro askotan gertatzen ari denez, Ipar Euskal Herrian elkarrekin borrokatzea erabaki dute sindikatuek eta gurasoek. Gazteria elkarteek eta sindikatuek martxoaren 7an CPEren kontra Baionan eginen den manifestaziorako deialdia egiteko profitatu zuten atzoko ekimena.
|