Nafarroan «bakerako mahaia osatzeko» eskatu dio Aralarrek Sanzi
IRUÑEA
Aralarreko koordinatzaile nagusi Patxi Zabaletak Nafarroan «bakerako mahai» propioa izatea nahi du, eta hura osatzeko eskatu zion atzo Miguel Sanz Exekutiboaren presidenteari. UPNko buruak hori egiten ez badu, Aralarrek berak gauzatuko duela aurreratu zuen Zabaletak, eperik jarri ez bazuen ere.
Iruñean eskainitako prentsaurrekoan, mahaian bazterketarik eta betorik ez duela egon behar esan zuen. Gainera, «EAEn martxan jarriko denarekiko korrelatiboa, paraleloa eta aldi berekoa» izan behar dela zehaztu zuen Zabaletak. Hori, baina, ETAren su-eten baten barruan besterik ez dela gauzatuko bota zuen.
Zabaletaren alderdiak Parlamentuan atzo aurkeztu zuen «akordiorako proposamenaren» berri ere eman zuen. Bertan, gatazka konponbiderako elkarrizketaren alde lan egiteko konpromisoa hartzeko eskatu zion Nafarroako Parlamentuari, eta, horren bidez, Miguel Sanzen Exekutiboari.
«Irabazle eta galtzailerik gabeko bakearen oinarriak jartzeko beharrezkoa den adiskidetasunean eragile aktibo izan behar dira Nafarroako Parlamentua eta Gobernua, egoera honek eragin duen sufrimendua konponduko duena», gaineratu zuen.
|