Euskalerria Irratiak eskatutako bilera ez du onartu Exekutiboak
IRUÑEA. Miguel Sanz Nafarroako presidenteak ezezko erantzuna eman dio Euskalerria Irratiak eskatu dion elkarrizketari, «emakida prozeduretan interesa duten erakunde edo pertsonak bulegoan ez hartzeko araua» duela argudiatuz. Iruñeko Komunikabideak S.A. Euskalerria Irratiaren elkargo eragileak «deitoragarritzat» jo du Gobernu buruak emandako erantzuna. Izan ere, epaileek epaia dagoeneko eman dutenez, auzia orain esparru administratibo-politikoan dagoela azaldu zuen. Gainera, emakida prozedura hasteko kontratazio-mahaia oraindik ez dela lanean hasi salatu zuen eragileak, eta horrek Euskalerria Irratiari eragiten dizkion kalteak gogorarazi zituen.
Uztarizko Udalari euskararen alde egiteko eskatu dio EHEk
UZTARITZE. Uztarizko udal-agintariei «euskararen zapalkuntzari stop esateko eta hitzetatik ekintzetara pasatzeko» eskatu dio bertako EHEk, igorritako gutun batean. Bertan, Uztaritzen erdaraz idatzitako bide seinaleetan izan diren ezabaketekin bat egiten du EHEk, eta udaletxean hizkuntza eskubideak onartuak ez diren bitartean beren aldeko dinamika ororen sostengatzaile izango dela jakinarazi du. Udal Gobernuak mozio bat aurkeztuko du ekintza horiek salatuz, eta, horren aurrean, hizkuntza eskubideak oraindik ere bermatu gabe daudela gogorarazi du EHEk, eta «jarrera positiboa» izateko eskatu dio Udalari.
|