GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-03-03
Tartalok Barandiaranen etxean aurkitu du aterpe
Aita deitzea ez zuen gustuko, seme-alabarik ez zuelako ­gogoratu zuen atzo Jesus Altunak­, baina hil zenean, denok umezurtz geratu ginen, eta Mari, Basajaun, Tartalo eta gainerakoak, berriz, babesgabe. Orain, aldiz, horiek guztiek aterpe aurkituko dute Barandiaranenean bertan. Izan ere, abian da Ataunen Jose Migel Barandiaran Museoa eratzeko proiektua. Mitologia izango du ardatz, eta, hala, Euskal Herrian kultur ondare ez materialari eskainitako lehenengo museoa izango da. Datorren urteko udaberrian egongo da ateak irekitzeko moduan.

DONOSTIA

Jose Migel Barandiaranek bere jaioterriari eta bere herritarrei izan zien atxikimendua oso gogoan harturik, museoa Ataunen bertan eratuko dute, hainbat erakunderen ekimenez. Eta erakunde horien ordezkariak atzo bildu ziren Donostiako Koldo Mitxelenan proiektuaren nondik norakoak azaltzeko.

«Helburua Jose Migel Barandiaranen izena, izana eta lana zaintzea, gordetzea eta ezagutzera ematea da», esan zuen Mari Karmen Garmendia Lakuako Kultura sailburu ohi eta museo proiektuaren koordinatzaile nagusiak. Hala ere, Barandiaranek jorratu zituen kultur alor guztietatik bereziki bat nabarmenduko du: mitologia.

Izan ere, Jesus Altuna Barandiaran Fundazioko kideak gogorarazi zuenez, Ataungo jakintsuak gehienbat bi esparrutan egin zuen lan: Historiaurrean eta Etnografian. Baina, Altunaren ustez, ekarririk handienak Etnografia alorrean egin zituen. «Induskatu zituen aztarnategiak, berak induskatu ezean, ondorengo batzuek indus- katuko zituzten. Baina haurtzaroan ezagutu zuen sinesmen mundu hura, berak bildu ezean, betiko galduko zen», argudiatu zuen antropologoak.

Beraz, Barandiaran Museoak batez ere mitologia izango du ardatz, eta, hala, Euskal Herrian kultur ondare ez materiala deritzanari eskainitako lehenengo museoa izango da.

Ez da hori izango duen berezitasun bakarra, beste bat egoitza bakarra ez izatea izango baita. «Museo sakabanatua edo hedatua izango da», esan zuen Garmendiak. Museo sakabanatu horren «bizkarrezurra» Lazkaoko mugan hasi eta ia zortzi kilometroz Ataun aldez alde zeharkatzen duen herri bidea da. Museoak, mementoz behintzat, San Gregorio aldeko zatia hartuko du, eta zati horretan hiru eraikin egongo dira. Lehenengoa Barandiaranen etxea bera izango da, Sara, ikertzaileak 1953an erbestetik bueltan eraikiarazi zuena. Bigarren erakina Larruntza errota izango da, eta handik 500 metrora dago. Ia guztiz eraberrituta dagoen XVI. mendeko eraikin horretan Barandiaranen bizitza eta lana emango dira ezagutzera. Hirugarren eraikina, berriz, oraindik egiteko dago. Herri bidearen alboan, lurpean egingo duten kobazulo moduko bat izango da, eta bertan euskal mitologiaren izaki nagusiak ezagutu ahal izango dira.

Museoaren proiektua taxutzeaz Tipula enpresa arduratu da, eta Mari Karmen Garmendiak atzo horri buruz gauza handirik jakinarazi ez bazuen ere, garbi utzi zuen erakustera baino gehiago iradokitzera zuzenduta egongo dela. «Laminei, adibidez, ez diegu aurpegirik jarriko, baina beharbada orrazi batek emango digu beren presentziaren berri», esan zuen. Era berean, «kartoi-harrizko eraikinik edo panpin elektronikorik ere» ez dela izango jakinarazi zuen. «Kontua da ­arrazoitu zuen Jesus Altunak­ Barandiaranek aipatu zituen hainbat trikuharri, esaterako, Ataunen bertan daudela, eta bertatik bertara bisita daitezkeela. Beraz, alferrikakoak dira kartoi-harrizko kopiak».

Oro har, museoaren helburua Ataungo ondarea, «osotasunean», balioan jartzea dela berretsi zuen Garmendiak. «Betiere herri bidearen inguruan, marra luze baten itxura hartzen du museoak, Ataungo herriaren antzera moldatuta dago-eta.Gipuzkoako ­eta seguru asko Euskal Herriko­ museorik luzeena izango da, Gipuzkoako herri luzeenean», biribildu zuen Mari Karmen Garmendiak.

Bittor Oroz Ataungo alkateak, berriz, aurrekontua hiru milioi eurokoa dela esan zuen. Larruntza errota eraberritzeko lanak «ia amaitzear daudela» eta, ezbeharrik ezean, museoa datorren urteko udaberrian ateak irekitzeko moduan egongo dela gehitu zuen.



Bertako magia gorde nahian
Bittor Orozen hitzetan, museoa, «erreka ondoan, XV. mendeko dorretxe batetik gertu», leku «magiko» batean egongo da, eta, hain justu, «magia» hori gordetzea da proiektuaren xedea. Horregatik aukeratu dute errota eraberritzea eta gune berria lurpean egitea. «Ingurua guztiz errespetatzea teknikariei jarri diegun ezinbesteko baldintza da. Adibidez, kobazuloa egiteko intxaurrondo batzuk kendu behar badituzte, lanak bukatutakoan, leku berean sar ditzatela», esan zuen. Lekuak berez duen lilura gal ez dadin, proiektuan Iñigo Segurola paisajistak hartuko du parte. -



Adierazpenak
«Ondare ez materialerako erreferentzia»

IMANOL AGOTE | Kulturako foru zuzendaria

Agoteren iritziz, museoak «euskal mitologia balioan jartzeko» balio du, baina «baita euskal kultura ez materialaren erreferentzia izateko ere». Izan ere, mitologia ez ezik, sinesmenak, herri medikuntza, artisautza, kantutegia eta, oro har, ondare ez materiala kudeatzeko zentro bat behar da, eta «Barandiaran Museoa izan daiteke eginkizun hori bete dezakeen gunea». Hori da Aldundiak Ataungo Udalari egin dion proposamena.

«Barandiaranen bidea, globalizazioan»

ARANTZA ARZAMENDI | Lakuako Ondare zuzendaria

Globalizazioaren garaian, Barandiaranek aukeratutako bideak garrantzi handia duela nabarmendu zuen Arzamendik. «Zein da nik egin dezakedan ekarria?», galdetu zuen ikertzaileak, eta erantzun: «Urrutira joan gabe, bertakoa ikertu, jakintza hori unibertsaltasunari eskaintzeko». Eta museoak ideia hori bere egingo duela esan zuen. Proiektua Museo Lege proposamen berriarekin bat datorrela ere nabarmendu zuen Arzamendik.

«Joxe Mielen espiritua islatzea espero dut»

BITTOR OROZ | Ataungo alkatea

«Museoaren helburua ­esan zuen Ataungo alkateak­ Joxe Miel Barandiaranen oroitza gordetzea da. Nire esperantza da museoa Joxe Mie- len espirituaren isla izatea, hau da, apala baina oso emankorra. Eta euskal gizartearentzat Joxe Miel Barandiaran garrantzitsua izan den bezala, bere izena duen museoa ere garrantzitsua izan dadila. Barandiaran izan dadila lehen eta etorkinaren arteko zubia», gehitu zuen Bittor Orozek.

«Proiektuan sinestea ez da zaila izan»

IÑAKI ALMANDOZ | Kutxako ordezkaria

Kutxak Barandiaran Museoan hasiera-hasieratik sinetsi zuela nabarmendu zuen Iñaki Almandozek; Udala 2001. urtean proiektua lantzen hasi zenetik, alegia. «Eta jarraitzen dugu sinesten», gaineratu zuen. Izan ere, «ez zen zaila Barandiaran zein zen kontuan izanda». Gainera, mitologia oso gai interesgarria dela uste du Almandozek, eta gai horren inguruan aurten bertan Kutxak bi proiektu aurkeztuko dituela jakinarazi zuen.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Los abortos voluntarios se incrementan en Nafarroa
Euskal Herria
«Todos deben saber que lo han matado»
Euskal Herria
Balza se escuda en la ley para defender el mantenimiento de la incomunicación
Euskal Herria
Ibarretxe ve que con Montenegro la UE valida el derecho de autodeterminación
Ekonomia
El BCE no ha decidido aún futuras subidas de los tipos tras elevarlos hasta el 2,5%
Mundua
Katrinaren auzian ere gezurra esan zuen Bushek
Mundua
ELN no hará ataques el día de las elecciones al Parlamento
Kultura
Tartalok Barandiaranen etxean aurkitu du aterpe
Euskal Herria
La Audiencia Nacional ordena revisar las condenas de unos 180 presos
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea