Euskal Herriko kulturaren zenbait berezitasun beste iturburuetan edan ditzakegu. Badira, ordea, asko eta asko, Barandiaranengan bakarrik jaso ditzakegunak. Alferrik joango zarete orain gure baserrietara gure mitologia, gure aurrekoek munduari buruz zituzten ikuspegiak jakitera.Asaba zaharren baratza. Baratz horretako lore gehienak zimeldu dira. Baina Barandiaranek erakutsi zigun nolakoak ziren.
Ataunen hasi zen Euskal Herriko mundu hura guztia, gure herriaren barren muina, jasotzen. Berari esker salbatu da.
Gizakiak egin dezakeen gauza ederrenetako bat zerbait heriotzatik salbatzea da, zerbait heriotzari kentzea. Gauza asko eta asko lapurtu zizkion Barandiaranek heriotzari.
Bestalde, «herriarengandik jaso duguna herriari itzuli behar diogu», esaten zuen berak. Hara, ba, hemen, orain, proiektu eder bat. Herriarengandik jasoa, herriari itzuliko diona.
Proiektu eder bat, bere lekuan ipinita. Ataunen, noski. Non ba? Han suspertu zen Barandiaranen jakin-mina: Perunezaharre, Jentilbaratza, azkeneko jentilak eta abar.
Gaur egun herri zibilizatu guztiak ari dira bere ondarea zaintzen. Ez dute nonbait bere sorrera, pentsamoldeak eta nortasuna ahaztu edo galdu nahi. Guk ere ez genuke gure asaba zaharren baratza saldu behar. Baratz horretan baititugu gure erro, sustrai eta zainak. Eta hau, ez lehenaldian sartuta geratzeko. Lehenaldi horrek eskatzen digun etorkizuna asmatzeko baizik.
Lizardik zioen bezala: Lehenaren muninak alda beza/ Baratz zaharra, baratz berri. -