BILBO
PSEko parlamentari Jesus Lozasek EAJri eskatu zion Lurzoruaren Lege-egitasmoaren inguruan gehiago landu nahi dituen atalak zeintzuk diren azaltzeko.Asteazkeneko bilkuran Juan Antonio Arieta Araunabeitiak PSEri esan zion lege-proiektu horren gainean zenbait atal lantzeko zeudela. Hori dela-eta, Lozak alderdi jeltzaleari galdetu zion ea lortutako akordioak moteltzeko asmoa zuen.
Horrez gain, Lozak legea hobetzearen alde dagoela aipatu zuen, eta PSEk testua aldatzeko jarrera irekia duela gaineratu zuen.
Batasunaren iritzia
Batasunak, bere aldetik, Lurzoru Legearen eztabaidarako eratutako batzordeak «arrabolaren» politika baino ez duela aplikatuko adierazi zuen. Alderdi abertzalearen ustez, gizarteari begira negoziatzeko itxura emango dute, baina dena loturik dutenez, prepotentziaz jokatuko dute, eta ponentzia bera «fartsa hutsa» baino ez da izango.Izan ere, Batasunaren aburuz, hasieratik ez da inolako borondaterik izan etxebizitza arazoa konponduko duen lege ezkertiar bat negoziatzeko.
Ezker Abertzaleak atzo aurkeztutako osoko emendakinak «Lurzoru Lege atzerakoi eta eskuindarra» hobetzea zuen helburu. Hasieratik Batasunak lege «atzerakoi» horren izaera salatu zuen, haren ustez, ez baitzuen inolaz ere etxebizitza beharra betetzen. Izan ere, alderdi abertzalearen ustez, espekulazioari bidea ematen jarraitzen duen legea da.
Atzoko bilkurako egoera itxurakeria hutsa izan zela adierazi zuen, herritarren beharrak bigarren mailan geratzen direla beste behin, eta behar gehien duten sektoreak lege horretatik baztertuak geratzen direla.
Azkenik, boterean daudenek etxebizitzaren arazoa ez dutela konponduko esan zuen. «Prezio lotsagarriekin, espekulazioa nonahi eta bizitza osorako maileguekin jarraituko dugu».