- Sokatira
Abadiño eta Gatikaren arteko lehia gogorra izango da 600 kiloko finalean
·Ekinaldia Arrigorriagan jokatuko dute bihar, 17.00etatik aurrera
DONOSTIA
Euskal Herriko Txapelketako bigarren txapela banatuko dute, mutiletan, bihar, Arrigorriagan, eta bertan jakinaraziko dute aurten 600 kilotan zein den Euskal Herriko onena.Aurretik hiru jardunalditako ligaxka jokatu ostean, honako talde hauek lortu dute finalerako txartela: Gatika, Abadiño A, Altamira, Abadiño B, Auzolan eta Arrizkozubi. Orain arte ikusitakoaren arabera, badirudi txapela Gatikaren eta Abadiñoren artean egongo dela. Orain arteko bi saioak oso estuak izan dira, eta bi talde horiek sekulako erakustaldiak egin dituzte; bien arteko dema latza izan da. Jokatu dituzten hiru saioetatik Gatikak bi irabazi ditu eta Abadiñok, bat. Hala ere, askoren ustez, Abadiño da garaipena lortzeko faboritoa. Orain arte, aurtengo txapel bakarra ere hark eraman du. Berdeek, gainera, bigarren talde bat ere badute final horretan, eta helburu nagusia bi domina irabaztea izango da. Lan hori ez da erraza izango, Altamira izan baita orain arteko saio guztietan hirugarren sailkatu den taldea, eta postu hori gutxienez eskuratu nahi du biharko finalean ere. Gainerako taldeak ahalik eta lanik onena egiten ahaleginduko dira, eta ezusteren bat ematen. Ekinaldia, 17.00etan hasiko da, baina pisatzea 14.00etatik 15.30era egin beharko dute. Gero ordu eta erdi izango dute taldeek dena prestatzeko. Bestalde, datorren larunbatean izatekoa zen Oiartzunen 560 eta 480 kilotako jardunaldia. Azkenean, aldaketak izango dira, eta lekuz aldatu ez arren, ordutegia aldatu dute, bai eta eguna ere. Bi pisu horietako talde horiek Oiartzunen tira beharko dute, baina hilaren 11n egin ordez, hilaren 12an aritu beharko dute. Ekinaldia goizean izango da, 11.00etatik aurrera; eta pisatzeak, berriz, 8.00etatik 9.30era egingo dituzte. Oraingoz hori izango da aurtengo denboraldian igandean jokatuko duten lehendabiziko saioa. Orain arteko denak larunbatean izan dira, baina egun horretan talde guztiek goizean goiz prestatu beharko dute lanari ekiteko.
|