Patrick OZAFRAIN | Pilotaria
«Ez dut uste faboritoa ni naizenik, pare samarrean egongo gara»
Patrick Ozafrain da larunbatean Garat trinketean, Donibane Garazin, jokatuko den bakarkako berezkoen finala irabazteko hautagai nagusia, nahiz eta hark ez duen hori uste. Final-laurdenetan ekin zion Txapelketari, eta doi-doi menderatu zuen Idiart, 40-38 irabazita, hain justu. Gero, finalerdietan, 15 kintzetan utzi zuen Andde Kurutxari.
Patrick Ozafrain da Berezkoen Bakarkako Txapelketako egungo txapelduna. Bankako atzelariak jadanik bi txapel ere jantziak ditu, eta tartean, urte batez, jokatu gabe ere geratu zen lehiaketa, pilotariek uko egin baitzioten, orduan Txapelketa antolatzen zuen Frantziako Federazioarekin izandako arazoak medio.
Bi txapel badituzu. Hirugarrena janzteko prest?
Hortara joango naiz, eta ahalegin guztia egingo dut, baina finala ez da erraza izango. Paxkalek asko jokatzen du, eta seguru niri gauzak zail jartzen saiatuko dela.
Faboritoa zu izango zara.
Ez dakit, jendeak hori esaten du, baina ez dut uste bi pilotarion artean alde handiegirik dagoenik, biotako edonork irabaz dezakeela uste dut.
Dirua, behintzat, zure alde izanen da. Kezkarik sortzen al dizu horrek?
Batere ez. Nik ez dut partida jendeak dirua zeinen alde jokatzen duen begira egonda prestatzen. Kantxan sartzen naizenean nire partidan sartzen dut burua, ezin naiz egon jendeak dirua nire alde jokatu duen edo ez pentsatzen.
Paxkalentzat lehen finala da. Horrek zuri abantaila ematen al dizu?
Agian apur bat bai. Finalak beti bereziak dira, eta hastapenean nerbioek-eta zer esana izan dezakete, eta hark estreinako final nagusia duenez, hori nabari dezake. Hala ere, hura pilotari handia da, eta amateurretan ere final garrantzitsu anitz jokatuak baditu. Horrek ere zerbaitetarako balio diezaioke.
Nola jokatu behar zaio Ezkurrari finala irabazteko?
Oso ongi, eta burua hotz dela. Pilotari handia da, sasoiko dago, eta alferrik da presaka aritzea. Gero, boteek ere garrantzi handia izango dutelakoan nago.Bakarka garrantzitsuak izaten dira, eta final batean oraindik eta gehiago.
Hala ere, finalerdietan saketik hiru kintze besterik ez zenituen egin, eta Kurutxari 15ean utzi zenuen.
Bai, uste dut egin nuen akatsik handiena botearekin izan zela, eta hori hobetu beharko dut finalerako. Gero, oso neurketa ona egin nuen, eta sakea ez zen gehiegi nabaritu.
Sareak eta punpa-sareak ere garrantzi handia izango dute?
Dudarik gabe, eta finalerdietan hor asmatu nuen. Hala ere, batzuetan estreinakoan asmatzen duzu, eta pilotak zuzenean joaten dira sarera, baina beste batzuetan ez du inoiz sartu nahi izaten, eta orduan izaten dira komeriak; baina, asmatzen bada, min handia egiten du.
Bestela, zer moduz iristen zara finalera?
Oso ongi, bai eskuetatik baita zangoetatik ere. Final-laurdenetan dezente sufritu nuen Idiarten aurka, baina gero Kurutxarieren aurka askoz ere hobeto aurkitu nuen nire burua, eta finalean oraindik eta hobeto aurkitzea espero dut.
Idiartek 38 kintze egin zizkizun final-laurdenetan, eta Kurutxarik 15 besterik ez finalerdietan. Non egon zen horrenbesteko aldea?
Idiarten aurka nire lehen partida zen Txapelketan, eta niretzat behintzat oso arriskutsuak izaten dira. Ez dakizu nola aterako zaizkizun gauzak, eta zalantza askorekin joan nintzen. Hura gaindituta, konfiantza handia hartu nuen, Kurutxariren aurka askoz ere lasaiago atera nintzen, eta gauzak ongi joan ziren.
Bakarkakoaren aurretik, Superprestigioa jokatu zen. Han ere faborito zinen, baina ez zinen finalerdietara ere sartu. Zer gertatu zen?
Arazoa nirea izan zen. Etxe berri bat eraikitzen ari naiz, neroni ari naiz lanean, eta burua han nuen, eta lana ere neronek egiten dudanez, ez nuen behar bezala prestatu. Ez nintzen forman heldu, eta gero ezin izan nuen ezer egin.
Paxkalek dio partida gogorra eta luzea izango dela, hura sufritzera joango dela. Zuk ere horrela ikusten al duzu?
Bai, ez daukat dudarik, eta hari, gainera, hori komeni zaio. Partida luzea eta gogorra izango delakoan nago, eta akaso berak, gainera, nik baino sasoi hobea izan dezake; horrek kezka apur bat ere ematen dit.
Zuk 31 urte besterik ez dituzu, eta finalerdietako zaharrena bihurtu zara.
Bai, eta uste dut oso seinale ona dela hori. Beste hirurak 25 urteren bueltan zebiltzan, eta horrek garbi uzten du gazteak indartsu eta gogotsu datozela, eta trinketeko esku pilotak hori behar du aurrera jarraitzeko.
Pilotariek Federazioarekin izandako desadostasun hartan, zu izan zinen pilotarien ahotsetako bat. Oraingo emaitza hauek EPBren ondorioak al dira?
Dudarik gabe. Guk orduan garbi geneukan Federazioaren asmoekin aurrera jarraituta etorkizuna laburra zela. Orain EPBk baditu amateurrak ere gurekin entrenatzen, eta gero jaialdi batzuk ere elkarrekin egiten ditugu, eta haientzat hori ona izateaz gain, zaleak ere oso gustura daude. Garbi dago emaitza hauek EPB enpresari esker ari garela ikusten, baina hemendik bi edo hiru urtera askoz ere gehiago ikusiko da.
Finala Garaten. Horrek bai ez duela zuentzako sekreturik.
Ez, ez, horrek behintzat ez dauka aitzakiarik. Modernen jokatzen zenean, beti egoten zen zalantza, gutxi jokatzen zelako urtean zehar. Hemen astelehenero badira partidak, eta urtean hiru edo lau torneo ere izaten dira. Partida asko jokatzen ditugu Donibane Garazin, eta oso ongi ezagutzen dugu. Leku ederra da finala jokatzeko.-
|