Igor Angulo, Cuencako espetxean hilik
Mobilizazio ugari, debekuen gainetik
Cuencako espetxean hilik aurkitu zuten preso politikoaren heriotza salatzeko etengabe mobilizazioak egiten ari dira egunotan. Atzo, ehunka lagun elkartu zuten Batasunaren deialdiek, eta gaurko Segi eta Askatasunak makina bat elkarretaratze antolatu dute. Santurtzin, greba egingo dute gaur.
DONOSTIA
Igor Angulo euskal preso politikoaren heriotzaren berri jakin bezain laster hasi ziren mobilizazioek berean jarraitzen dute oztopoen gainetik. Atzo, ehunka lagun elkartu zen Batasunak PSOEren egoitzen aurrean deitutako elkarretaratzeetan, nahiz eta Ertzaintzak debekatu. Gaur, berriz, Segik mobiliza-zioetara deitu du goizerako. Santurtzin greba orokorra izango da, gainera.Batasuneko hainbat kidek elkarretaratzea egin zuten atzo goizean PSEk Donostian duen egoitza aurrean, «PSOEk Igor Anguloren heriotzan duen erantzukizuna salatzeko». Pernando Barrenaren esanetan, «eskema politiko huts baten arabera eta alderdikariak diren helburu batzuk indartzeko egiten du espetxe politika kriminal bat». Batasunak argi adierazi zion PSOE- ri: «Hori bai, Espainiako Gobernuak pentsatu beharko du behin baino gehiagotan zein egoeratara eraman nahi gaituen euskal herritar guztiok». Udalbiltzak ere Anguloren heriotza salatu zuen: «Salbuespeneko legedi batekin atxilotu eta salbuespeneko auzitegi baten epaia jaso ostean, heriotzara eraman du salbuespeneko espetxeko politikak».
Lakuaren debekua Bestalde, gaur, 17.00ak bitarte, Santurtziko saltoki eta taberna guztiak itxiko dituzte; izan ere, greba orokorra egingo dute. Batasunaren elkarretaratzeak eta, oro har, Anguloren heriotza salatzeko mobilizazioak debekatu zituen atzo, berriro, Lakuak. Hala ere, mobilizazioak izan ziren Erromon (50) tentsioune eta identifikazioekin, Usurbilen (30), Eibarren (70), Bilbon (300), Irunen (40), Urretxu-Zumarragan (31), Hernanin (50), Zarautzen bidea itxi zuten 30 minutuz eta Ertzaintzak bi gazte identifikatu zituen, Alonsotegin (19), Iruñeko Arrosadian (41), Txantrean (70), Donibanen (30) eta Alde Zaharrean (43), Antsoainen (30), Leioako campusean (40), Getarian (29), Derion (15), Zaldibarren (16), Leioan (55), Abadiñon (25), Durangon (60) eta Donostian (300). Sestaon, Ertzaintzak bi aldiz kendu zuen Batasuneko ikurra herriko tabernatik.
Ekimenak espetxeetan
GARA
MADRIL Igor Anguloren heriotzaren karietara, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideak ere Santurtziko presoa hilik aurkitu dutela salatzeko ekimenak egiten hasi dira. Atzo, gainera, Auzitegi Nazionalean entzun zen salaketa. Askatasunak esan zuenez, Mikel San Argimiro eta Imanol Miner preso politikoak epaitu behar zituzten, eta biek deklaratzeari muzin egin arren, «Igor Anguloren hilketa» salatu zuten, eta Estatu espainola erantzule dela esan. Bestalde, Villena espetxeko euskal presoek kartzelako janaria jateari uko egin zioten otsailaren 28an; eta Teruelen, berriz, gose-greban dira asteazke- netik gaur bitarte. Martxoaren 1ean, Huelvako, Monterroxoko eta Valdemoroko espetxeetan 24 orduko itxialdia egin zuten, eta Brievakoan gaur egingo dute ekimen bera. Valdemoron, gainera, xingoladun ikurrinak jarri dituzte leihoetan. Bestalde, aste bukaera honetarako Arrasaten, Antzuolan eta Zumarragan aurrez ikusiak zeuden ongietorri eta ekitaldiak bertan behera gelditu dira Anguloren heriotza dela-eta.
|