Kutxazain bat erre dute Lezon, eta bi batzoki harrikatu dituzte
LEZO
Kutxazain bat guztiz kiskalita gelditu zen atzo, Lezon, hainbat ezezagunek hari su eman ostean. Gasteizen, ostera, Zaramaga auzoan dagoen batzokia harrikatu zuten hainbat ezezagunek as- teazken iluntzean; hain zuzen ere, Igor Angulo euskal preso politikoaren heriotza salatzeko mobilizazioa debekatu eta Ertzaintza gogor oldartu ondoren. Atzo ere, Santurtziko batzokia harrikatu zuten hainbat ezezagunek 20.30 aldera. Lakuako Gobernuko Barne Sailak aditzera eman zuenez, goizeko sei eta erdiak inguruan piztu zen sua Lezoko Jaizkibel kalean dagoen kutxazain batean. Jakinarazi zutenez, hainbat ezezagunek likido su-eragilea bota zuten kutxazain horretan. Guztiz kiskalita gelditu da. Gainera, banketxeko aretoa ere belztu omen zuen azkenean suhiltzaileek itzali behar izan zuten suak. Hala eta guztiz ere, ez zen bestelako kalterik gertatu, eta ez zituzten bizilagunak etxeetatik atera behar izan. Gasteizen, bestalde, Zaramaga auzoan dagoen EAJren batzokia harrikatu zuten hainbat ezezagunek asteazken gauean. Arabako EAJko presidente Iñaki Gerenabarrenak salatu zuenez, batzokiko beirateetan eta lokalaren barruan kalteak eragin ditu erasoak.
Santurtzi Bestalde, informazio agentziek esan zutenez, atzo, 20.30 aldera, beste batzoki bat harrikatu zuten. Oraingoan, Santurtzin. Antza denez, Santurtziko Mamariga auzoko batzokia harrikatu zuten hainbat ezezagunek, eta bertako kristal guztiak apurtu zituzten. Gainera, barruan hainbat lagun zeuden eta horietako batek bekainean kolpea jaso zuen. EAJko iturriak aipatuz eta agentzien esanetan, batzokiaren barnean zeuden lagunei «mehatxuak» egin omen zizkieten, eta ezezagunek gutun batzuk utzi zituzten EAJ alderdiko zinegotziei zuzenduak.
|