Periferiako bertsolari gazteak Eskolarteko txapelaren bila
Gero eta gehiago dira Gipuzkoatik eta Bizkaitik kanpora doazen Eskolarteko txapelak. Bertsolaritza zabaltzen ari den seinale. Aurten lehenbiziko aldiz Zuberoako ordezkariak izango dira Eskolarteko finaleko: Gillen Nageloua eta Johañe Sarraillet dira beren izen-abizenak, eta gaztetxoen mailan arituko dira. Lehen aldiz euskal lurralde guztiek izango dituzte ordezkariak bertsolari txapelketa batean. Hilaren 24an jokatuko dute finala Altsasun.
Lehenbiziko aldiz bertsolaritzaren historian Zuberoako ordezkariak izango ditu bertsolari txapelketa batek. Gertakaria Altsasun izango da, ekainaren 24an. Txikien mailan arituko dira lurralde horretako bi ordezkariak, Gillen Nageloua, Urdiñarbekoa, eta Johañe Sarraillet, Lakarrikoa. Ikastolen Konfederazioak antolatzen duen txapelketaren txikien mailako saioa goizeko hamaiketan hasiko da Altsasuko Burunda pilotalekuan. Zuberoako bi ordezkariekin batean Bixente eta Mattin Luku izango dira Nafarroa Beheretik eta Ximun Cazaubon eta Txomin Elosegi Lapurditik. Nafarroatik Ioar Taintak eta Josu Sanjurjok kantatuko dute, Amaia Iturriotzek eta Ane Labakak Gipuzkoatik, Nerea Ibarzabalek eta Imanol Uriak Bizkaitik eta Mikel Serratok eta Xabi Igoak Arabatik. Txikien saioa ordu bata aldean bukatuko da; txapeldunaren eta txapeldunordearen izenak ezagutarazi eta bazkaritara bilduko dira. Arratsaldeko lauretan hasiko da handien mailako saioa. Maddalen Arzallus eta Patxi Iriart etorriko dira Lapurditik, Mizel Mateo Nafarroa Beheretik, Alazne Untxalo eta Aitor Arangoa Nafarroatik, Miren Amuriza eta Arrate Illaro Bizkaitik, Izar Mendiguren eta Jagoba Apaolaza Arabatik eta Oiar Aizpurua eta Hodei Iruretagoiena Gipuzkoatik.
Ipar haizea
Maddalen Arzallus eta Patxi Iriart izango dira handien mailan Altsasun kantatuko duten bi lapurtarrak. Maddalenek iaz 14 urterekin joan eta txapela jantzi zuen handien mailan. «Nik orain 15 urte ditut. Txikitan ere jantzi nuen txapel bat, aurreko urtean», esan zuen. Beraz, eskarmentu pixka batekin doa hendaiarra finalera. Hendaiako bertso eskolan 8-9 urterekin hasi zen. «Etxean giroa bazegoen, baina inork ez ninduen behartu. Bertsolariak diren etxeetan asko hitz egiten da bertsoaz, baina gutxitan kantatzen da», erantsi zuen. Hendaiako bertso eskolan jarraitzen du. Astean bitan biltzen dira, eta ordu eta erdiko saioa egiten dute. Amets, anaia, eta Sustrai Colina dabiltza irakasle bertso eskola horretan. Iazko txapelak gustu ona utzi zion. «Beti uzten du gustu ona txapel batek, baina saio ona egitea da garrantzitsuena. Iaz gustura geratu nintzen, eta ea aurten errepikatzen dudan gustura geratzeko moduko saio bat», esan zuen. Urtean oso saio gutxi egiten ditu. «Oraindik gazteak gara», dio. Iaz irailaren hasieran Lisboara egin zuten bidaia finalean parte hartu zutenek, eta aurten ere gisako bidaia bat espero dute. «Oso giro oneko koadrila bildu ginen eta bertso saio batzuk ere egin genituen», esan zuen. Aurtengo finalista gehienak ere ezagutzen ditu, iazkotik ez bada, udalekuetatik. «Nafarroako Aitor bakarrik da ezagutzen ez dudana oraingoz», esan zuen.
Bi bertsolari Bordelen
Patxi Iriartek 18 urte ditu eta hiruzpalau aldiz Euskal Herriko finalean kantatua da. «Plazer bat da eta aukera bat ere bai», esan zuen. Azkenaldi honetan bertso saioak eginez dabil. «Gero eta saio gehiago ditugu. Mizel, Gillen, Ekhi Erramundegi eta laurok gabiltza gehiena. Festetako saioak dira batzuk edo ikuskizunen artean tartekatzen dituztenak beste batzuk», adierazi zuen. Orain sei urte hasi zen Baionako bertso eskolan Karlos Aizpuruarekin; gero Kanbokoan ibili zen eta orain berriro Baionan. Etxepare lizeoan azken urtea egiten ari da eta Bordelera joango da Ekonomia edo Merkataritza ikastera. «Asteburuetan etxera etorriko gara eta bertsoarekin jarraitzeko asmoa dugu», esan zuen. Mizel Mateok, Nafarroa Behereko ordezkariak, 18 urte ditu, eta dagoeneko zazpi edo zortzi aldiz kantatu du Euskal Herrikoan. «Ez dakit zuzen zenbat aldiz izan naizen, Nafarroa Behereko ordezkari bakarra naizenez, zuzenean joaten bainaiz, inolako kanporaketatik gabe», esan zuen. «Ez dut prestatzeko astirik izan, baxoa prestatzen ari bainaiz. Gainditzen badut, ikasketak egitera Bordelera joateko asmoa dut. Kirol ikasketak egin nahi nituzke. Kirol guztiak gustatzen zaizkit, baina bereziki errugbia, nik neuk jokatzen baitut. Azken astea libre dut eta hori aprobetxatuko dut finala pixka bat prestatzeko», esan zuen. Kanboko bertso eskolan hasi zen 12 urte zituenean, eta Baionako bertso eskolan dabil orain. Ez du Euskal Herrikoan txapelik. Aurten izan daiteke bere urtea. Txikien mailan Ximun Cazaubon eta Txomin Elosegi izango dira Lapurdiko ordezkari. Ximunek 14 urte ditu, eta bigarren aldia du Euskal Herrikoan. Uztaritzeko bertso eskolan hasi zen Xanti Iparragirrerekin, eta, orain Kanboko kelejioan dagoenez gero, Kanboko bertso eskolan dabil Karlosekin. «Ari gara zerbait prestatzen, Kanboko bertso eskolaz gainera, Txominek eta biok saio gehigarriak egiten baititugu Uztaritzen», esan zuen. Txominek 14 urte ditu. Bederatzirekin hasi zen Hazparneko bertso eskolan Karlosekin, eta orain Kanbokoan dabil. Txominek ere bigarren aldia du. «Badakit zer den orain, baina, hala ere, beti ematen du urduritasun pixka bat», esan zuen. Astebeteko egonaldia egin zuten iaz Zuhatzan. «Biziki ona izan zen, mundiala», esan du Txomin Elosegik.
Nafarroan, kimu berriak
Maiatzaren 27an Larraintzarren jokatu zuten Nafarroako Eskolarteko finala, gaztetxoen mailakoa goizez eta gazteen mailakoa arratsaldez. «Bertso eskola bakoitzetik gutxienez batek kantatzen du. Leitza, Bañain, Sanduzelai, Arturo Kanpion, Ituren,Doneztebe, Sunbilla eta Berako bertso eskolek bidali zituzten ordezkariak. Bertso eskoletako ehun bat lagun bildu ginen egun horretan, eta, finalaz gainera, beste hainbat ekintza antolatu genituen», kontatu zigun Estitxu Arotzenak. Gazteen mailan, Alazne Untxalok jantzi zuen txapela eta Aitor Aragoa geratu zen bigarren. Txikien mailan Ioar Taintak jantzi zuen txapela eta Josu Sanjurjo geratu zen bigarren. Laurak izango dira Altsasuko finalean. Alazne Untxalo Iturengoa da, 17 urte ditu eta herriko bertso eskolan hasi zen Estitxurekin. Nafarroako txapela jantzi zuen txikietan, eta aurten handien mailakoa jantzi du. Margotzea gustatzen zaio eta Arte Batxilergoa egiten ari da. «Pintura eta bertsoa espresatzeko bi modu dira eta bietan ari naiz lanean», esan zuen. Alaznerentzat Maialen Lujanbio da bertsolaririk onena eta Silveira eta Unai Iturriaga datoz ondoren. Aitor Arangoa Beruetekoa da, 17 urte ditu eta lehen aldiz sartu da Euskal Herriko finalean. «Jaunsarasko eskolan hasi ginen Joxema Leitzarekin; Larraintzarren jarraitu genuen eta Iruñeko bertso eskolan nabil azken bi urteotan Estitxurekin», esan zuen. «Gure alderdia, Basaburua bailara, ez da oso bertsozalea, nahiz eta euskaraz denek dakiten. Herri txikiak dira eta beti dago baten bat pixka bat kazkartutakoan aritzen dena, baina ez dago zaletasun handirik. Hala ere, guk lagunartean egiten dugu tarteka, eta etxean ere egiten dut, behiekin-edo lan egin beharra egokitzen zaidanean», erantsi zuen. Txikien mailan, Lesakako bi ordezkari izango dira Altsasun, Ioar Tainta eta Josu Sanjurjo. Biak egin ziren bertsozale ikastolan, eta biak hasi ziren Bortzirietako bertso eskolan, eta bertso eskola horretan jarraitzen dute Estitxu Arotzenarekin. Ioarrek 13 urte ditu. Iaz Nafarroako txapeldunorde izan zen eta aurten txapeldun. «Josuk eta biok maila bertsua dugu eta egunaren arabera ibiltzen gara. Ni urtebete zaharragoa banaiz ere, biok batera hasi ginen eta antzeko ibilbidea egin dugu. Izena emateko aukera ikusi nuenean, probatzeko gogoa sartu zitzaidan eta betsolaritzan aurrera jarraitzeko gogoarekin nabil. Lagunen artean baditut bertsozaleak, eta entrenatzen naute. Bere bertsolari faboritoez galdetu eta erantzun zuen: «Nire eredua Maialen Lujanbio da. Nik ere pausoak jarraitu nahi nituzke. Amets eta Unai ere baina gehiena Maialen gustatzen zait». Josu Sanjurjok Nafarroako txapela jantzi zuen iaz, eta armairuan gorderik omen du giltzapean. «Txapela jantzi ondoren saio batzuk egin ditut urtean. Manolo Arotzenaren omenaldian kantatu zuen Lesakan, Nafarroa Oinez-en aldeko bertso saio batean ere kantatu nuen Igantzin, eta joan den ostiralean ere kantatu genuen Ioarrek eta biok herri horretan», esan zuen. Altsasuko finalari begira entrenamendu batzuk egitekotan dira Ioar eta biak, baina ez dute egunik izendatu. Anaia gaztea ere, Gorka, bertsolaria du eta Nafarroako finalean sartu da aurten. Bertsolari on bat izateko zer behar den galdetu eta honela erantzun zuen:«Teknika, memoria ona, sentsibilitatea eta ongi kantatzea».
Aramaiotik Altsasura
Arabako txikien mailako bi bertsolariak Aramaiokoak dira, Mikel Serrato eta Xabi Igoa. Mikelek 13 urte ditu eta 14 Xabik. «Bigarren aldiz dut Eskolartekoan. Manex Agirrerekin hasi ginen bertso eskolan, eta hura Granadara joan zenean Iñaki Viñasprerekin jarraitu genuen», kontatu zigun Xabi Igoak. Ekainaren 3an jokatu zuten Armentiako ikastolan txikien mailako kanporaketa. Kantatu zutenen artean Trebiñuko bertsolari bat zegoen. Mikel Serratok 13 urte ditu eta hori ere Aramaiokoa da. «Bost lagun gabiltza Aramaioko bertso eskolan, Xabi eta biok, gainera, Beñat Burgi, Beñat Zalakain eta Antxon Karretero. Beste hirurek orain oporrak hartu dituzte, eta Xabi eta biok hasiko gara Euskal Herriko finala prestatzen. Astean bi edo hiru egun arituko gara lanean», esan zigun Mikelek. Bigarren aldia du Euskal Herriko finalean eta aurrekoan baino lasaiago joatea pentsatzen du. Ostiralean jokatu zuten Amurrioko elkarte batean Arabako handien mailako kanporaketa, eta Izar Mendiguren eta Jagoba Apaolaza sailkatu ziren Euskal Herriko finalerako. Jagobarekin ez genuen hitz egiterik lortu atzo, baina Izar Mendigurenekin bai. Pozik zegoen, sailkatu delako ere bai, baina oporrak hasi dituelako gehiago. «Oso kanporaketa polita izan da. Afaldu egin genuen lehenik eta oso gustura egin genuen gero bertsotan. Lau ginen, hiru gasteiztar eta ni. Egia esan, Apaolaza Duranakoa da eta ez dakit berak gasteiztartzat duen bere burua. Lau horiek bertso eskoletatik proposatutakoak ginen», esan zigun Izarrek. Hirugarren aldia eta azkena du aurten Izar Mendigurenek Eskolarteko finalean. «Arabako finala prestatzeko ez dut astirik izan azterketetan ibili naizelako, baina orain oporrak hartu ditudanez, Euskal Herrikoa prestatzeko asmotan naiz», erantsi zuen. Batxilergoa bukatu eta inolako arazorik ezean Kazetaritza ikasten hasiko da Leioan. -
DONOSTIA
Zuberotarrak manexez?
Gillen Nageloua eta Johañe Sarraillet izango dira Zuberoako ordezkariak txikien mailan. «Karlosek zubereraz kantatzeko esan digu, baina nahastu egingo dudala uste dut pixka bat, entzuleek errazago ulertzeko. Mauleko ikastolan zubereraz egiten genuen, baina Donaixtiko kolejioan nabil orain eta hor manexez ere asko egiten dugu. Beraz, uste dut nahastu egingo dudala Altsasuan», esan zuen.Gillen Karlos Aizpuruarekin hasi zen Mauleko bertso eskolan orain bizpahiru urte. «Anaia gaztea, Antxon, joan zen lehenik eta gustatu egin zitzaion eta ni hasi nintzen ondoren», esan zuen. Astean behin biltzen dira, ostegunetan, ordubetez. Sei lagun biltzen dira. «Txapelketarako ez dugu prestaketa berezirik egin. Ordubete horretan trebatzen gara; hor egiten ditugu finalean egin behar ditugun ariketak», esan zuen. Gillen Urdiñarbekoa da eta autobusean egiten du Donaixtiko joan-etorria. Hamabi urte ditu. Anaia ere bertso eskolan dabilenez gero, tarteka egiten dute bertsotan, baina gutxitan. Johañe Sarraillet 9 urteko mutikoa da. Hura izango da, beraz, finaleko gazteena. Atharratzeko ama-eskolan ibili zen eta Sohütako ikastolan dabil orain. Duela bi urte hasi zen Sohütako bertso eskolan Karlos Aizpuruarekin. «Zuberoan aspaldi galdu zen bertsozaletasuna. Baditut lagun oso bertsozaleak. Guk etxean kanturako joera handiagoa dugu, baina beharbada orain zaletuko gara», esan zuen aitak. Egun-pasa Altsasun
Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa da txapelketa antolatzen duena. Mikel Mendizabalek kontatu digunez, saioak piramidalak izango dira, lehen fase baten buruan sei onenak aukeratuko baitira txikien mailan hitza emanda bertso bana eta binaka ofiziotan aritzeko. Handien mailan bost onenak pasatuko dira bigarren fasera, puntuari erantzun eta gaia emanda bina bertsorekin txapela erabakitzeko. Estitxu Fernandez izango da finaleko aurkezlea, eta gaiak Gasteizko talde batek prestatuko ditu. Honako hauek izango dira epaimahaian: Eneko Bidegain Lapurditik, Erik Etxart Nafarroa Beheretik, Joseba Santxo Bizkaitik, Antton Kazabon Gipuzkoatik eta Jon Abril Nafarroatik. Etxetik eramanda bazkaltzeko lekua antolatuko dute eta nahi dutenek 10 euroan izango dute bazkaria elkarte batean aldez aurretik izenak emanda.
|