GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-06-13
Unibertsitaterako hautaprobak Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian
Urduritasuna baxo eta selektibitatearen lehen txanpan
Historiako testu iruzkina egiten hasi ziren Iruñean eta Tuteran selektibitatea Nafarroako 2.060 ikasle. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, berriz, baxoa lortu nahi duten ikasle orok egin behar duten Filosofia ikasgaiaren azterketa egin zuten hiru egunen lehenean. Erantzunak uztailaren 3an emango dituzte lurralde guztietan.

IRUÑEA-BAIONA

Azkenean iritsi da Euskal Herriko ikasle askok eta askok espero zuten unea, datozen urteetan hezkuntzan jarraituko duten bidea markatuko diena. Iragan astean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleek egin zituzten unibertsitatera sartzeko hautaprobak, kasu horretan selektibitatea; atzo, berriz, nafarrek eta Ipar Euskal Herriko ikasleek ekin zioten urte osoan hainbeste buruhauste sortu dizkien erronkari.

Nafarroan, 10.30ean bildu ziren ikasleak proba horri aurre egiteko, gehienak NUPeko (Nafarroako Unibertsitate Pubikoko) sarreran, baina zenbaitek Tuteran ere egin zituzten azterketak. Herrialde horretan, 2.060 ikaslek eman dute proba horretarako izena, iaz baino 57 gehiagok. Ikasleen aurpegietan nabariak ziren izaten dituzten urduritasuna, tentsioa, baita ikara ere. Nahiz eta hezkuntza ordezkariek behin eta berriz nabarmendu lanik zailena, Batxilergoko bigarren maila gainditzea, egina dutela, proba horrek guztiz erabakigarria izaten jarraitzen du.

Ez da azkenaldia izango

Ikasleek azterketak hasi zituzten une berean, selektibitateko koordinatzaile Julio Lafuentek aurtengo datuak jakinarazi zituen. Iaz hautaproba horren formatua desagertzear zegoela esan zuen arren, atzo horren aurkako adierazpenak egin zituen: «Aurtengo selektibitatea ez da azkena izango. Gobernuaren lege aldaketa itxaron beharko da, baina dirudienez, beste urteren batez ere jarraituko du eredu honek berak». Nafarroan, selektibitatea gainditzen duten ikasleak aurkezten direnen %90 baino gehiago direla gogorarazi ostean, ondorio hauxe atera zuen: «Horrek esan nahi du ez dagoela gaizkiegi ere diseinatuta».

Proba hasi baino ordubete lehenago ere urduritasun, zigarro eta zigarroekin, eta apuntez gainezka zegoen NUPeko ikastegiko sarrera. Urtero bezala, gainera, askotxok jo zuten ezki-ura, kamamila eta baleriana produktuetara urduritasunak alde batera utzi eta ikasteko prozesu gogorra eramangarriago egiteko.

Hautaproba atzo hasi zuten eta bihar amaituko dute, eta bitarte horretan zazpi azterketa egin beharko dituzte ikasleek, bakoitzak Batxilergoan jarraitu duen ibilbidearen araberakoak. Behin-behineko emaitzak ekainaren 20an jakinaraziko dituzte; eta behin betikoak, berriz, uztailaren 3an.

Filosofia Ipar Euskal Herrian

Urtero legez, lehena Filosofiako azterketa izan zuten atzo Ipar Euskal Herriko ikasleek. Estatu frantses guztian baxoa lortu nahi duten azken urteko ikasle guztiek egin behar duten azterketa da Filosofiakoa, eta aurrerago aukeratutako arloaren arabera gaiak aldatzen joaten dira. 8.00etan hasi eta eguerdia arte iraun zuen azterketaren aurretik urduritasuna airean bazegoen ere, etorkizuna baldintza dezakeen etsaminari buruz mintzatu beharrean, hurrengo asteburuko jaien inguruko elkarrizketetan sartuta zeuden asko.

Guztiz pertsonala izanik, ziur da urduritasun maila ez zela bera ikasle guztiengan, baina badira kanpo eragileak batzuen eta besteen arteko urduritasun mailak definitzeko. Atzoko Filosofia azterketaren pisua ez da bera denentzat azken notan. Ikasgaia bera zen, baina hiru azterketa eta hiru balorazio mota ezberdin daude. Ikasketa literarioak aukeratu dituztenentzat atzoko proba garrantzitsuena zen; ikasketa zientifikoak aukeratu dituztenentzat, aldiz, ez zuen hainbesteko baliorik, eta bien artean dago ekonomia eta gizartea jorratzen dituen ibilbidea.

Ikasle guztiak hizkuntzak berdindu zituen. Ikasle euskaldun eta erdaldunek azterketak frantsesez egin behar izan baitzituzten. Horregatik, Seaskako ikastoletan filosofia frantsesez irakasten dute, gero baxoa gainditzeko aukera guztiak izan ahal izateko.

Sistema hori ez dute ikasgai horretarako soilik baliatzen, euskaraz egin daitekeen Historia eta geografia kenduta, beste guztietarako hizkuntza moldaketa egin behar izaten baitute Ipar Euskal Herriko lizeo euskaldunetako ikasleek. Hori aipatu zuen atzo Charlottek, Matematika azterketa egin zuen Beñat Etxepareko ikasleak. Bai Matematika bai Biologia ikasgaiak berez euskaraz ikasten badituzte ere, irakasleak ariketak frantsesez banatzen ditu ikasgelan, azterketarako terminologia frantsesez ere ezaguna izan dezaten.

Donibane Lohizuneko Ravel lizeoan ikasten du Jean-Pierrek, eta hark azaldu zuen, oro har, azterketa beldurgarrienetarikotzat jotzen dutela Filosofiakoa, oso aldakorra baita. Bai zuzentzailearen arabera nota asko alda daitekeelako, baita gaia oso ezberdina eta aldakorra izan daitekeelako. «Beste ikasgaietan jakiten ahal duzu gutxi gorabehera zein izaten ahal den galdera, baina filosofian oso aldakorra da», baieztatu zuen ikasle donibandarrak.

Galdera filosofiko-ideologikoak

Filosofiako galderen berezitasunari lotua da Ravel lizeoan belaunaldiz belaunaldi pasatu den istorioa, eta egia edo gezurra den ez da zehazten ahal. Jean-Pierrek kontatu zuen azterketako galdera «Zer da aurpegi gogorra izatea?» izan zela, eta ikasle batek azpian idatzi zuela «Hau da aurpegi gogorra izatea» eta azterketa bete gabe bueltatu zuela. Ikasle horrek gainditu zuen edo ez, ordea, ez dakigu bertsio ezberdinak entzun baitaitezke kontalariaren arabera.

Ohi bezala, ikasketa alor bakoitzean bi galderaren artean hautatzeko aukera izan zen. Alor zientifikoko ikasleen galderak ondokoak izan ziren: «Kultura baten balioa objektiboki balora daiteke?» eta «Esperientziak zerbait erakusten du?». Galderak filosofiko-ideologikoagoak ziren alor literarioa aukeratu zutenentzat: «Ez al ditugu besteekiko betebeharrak?» eta «Zentzurik ba al du denborari ihes egin nahi izateak?». Ekonomia-gizartea alorra aukeratu zutenentzat hauek ziren bi aukerak: «Zoriontasuna egiaren gainetik aukeratu behar da?» eta «Kultura batek balio unibertsalak izan ditzake?». Testu baten iruzkina ere egin behar izan zuten ikasleek, Millena zientziakoek, Lockerena literaturakoek eta Alainena ekonomiakoek.



IAk euskal curriculuma aldarrikatu du baxo eta selektibitatearen aurka
Idoia ERASO

BAIONA

Lizeoaren edo institutuaren bukaeran ezartzen duten eta goi mailako ikasketen hasierara ailegatzeko nahitaezko giltza diren selektibitatearen eta baxoaren kontra agertu zen atzo Ikasle Abertzaleak taldea pedagogian eta euskaldunentzat adierazten duen inposaketagatik. Horren kontra protesta egiteko elkarretaratze batera deitu dute gaurko Nafarroako Unibertsitate Publikoan, goizeko hamaiketan, liburutegiaren parean. Baina ez da hori ekimen bakarra izanen, Ikasle Abertzaleek azterketa horiek bidegabeak direla salatzeko lanean jarraitzeko asmoa dutela adierazi baitzuten.

Atzo Baionan IAk eman zuen prentsaurrekoan Azaitz Gartziak honakoa baieztatu zuen: «Euskal edukiak ezin ikasteko hormarik altuenak dira baxoa eta selektibitatea». Charlotte Orregik eta Elorri Faltsak irakurri zuten komunikatuak azterketa horiek Euskal Herriko ikasleentzat dituzten alderdi negatiboak zehaztasun handiagoz azaldu zituen.

Bereziki Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako ikasleen egoera aztertu zuten, eta baxoa frantsesez pasatzera behartuak direla salatu zuten hasteko. Ipar Euskal Herriko gazteek izaten dituzten administrazio trabak bidegabeak direla ere esan zuten. Hau da Nafarroako, Bizkaiko, Gipuzkoako edo Arabako fakultateetan ikasi nahi duten ikasle euskaldunek selektibitatea ere egin behar dute, eta horrek adierazten du gaztelania eta Estatu espainoleko historia ezagutu behar dela.

IA euskal curriculumaren alde agertu zen, eta baxoa eta selektibitatea lortzeko euskal ikasleek eduki arrotzak barneratu behar dituztela salatu zuen. «Sesnazionalizatze» prozesuan azterketok berebiziko garrantzia dutela nabarmendu zuen. Alderdi pedagogikotik azterketa sistemaren adierazpide gorentzat jotzen dutenaren kontra agertu ziren. Besteren artean, memoria saritzen duelako eta bestelako gaitasunak kontuan hartzen ez dituelako.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Los acantilados de Zumaia serán referente internacional
Jendartea
Urduritasuna baxo eta selektibitatearen lehen txanpan
Euskal Herria
Patxi López resalta la representatividad de Batasuna y se reunirá pese a las querellas
Euskal Herria
Ekinek zenbait esparrutan egindako lana nabarmendu dute hainbat lekukok
Ekonomia
La OIT saca «tarjeta roja» al trabajo infantil, que afecta a más de 218 millones de niños
Mundua
Desmienten la versión ofrecida por EEUU sobre una nueva matanza en Irak
Kultura
Yebra: «Deseamos que en el futuro los bailarines no deban abandonar su casa»
Kultura
Periferiako bertsolari gazteak Eskolarteko txapelaren bila
Kirolak
Un flojo rival permite a Chequia golear sin despeinarse
Kirolak
Piterman accede al traspaso de Juanito tras amenazar con paralizarlo
Mundua
La presidencia de la UE reconoce al estado soberano de Montenegro
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss