BILBO
Duela urte eta erdi sortu zen MusikazBlai.com hilabete honetan helduko da euskarazko 5.000 kantu biltzera, webgunea egiten duen Iteisa konpainiak atzo jakinarazi zuenez.
Bisitariek berek bidaltzen dituzten hitzak, partiturak, gitarrarako akordeak, artisten argazkiak eta iritziak biltzen ditu atariak. 18 hilabeteotan, doakoa eta publizitaterik gabekoa den webguneak 13.000 kolaborazio bildu ditu; kolaborazioen artean daude 366 artistaren euskarazko 7.700 iritzi.
Joan den hilean, ia milioi bat orri bisitatu ziren eta, hala, webgunea Interneteko euskal gune aktiboenetakoa bihurtu da.
Webguneko erabiltzaile gehienak gazteak dira. Kolaborazioen %10 Latinoamerikatik heldu dira, bereziki Mexikotik eta Argentinatik.
Sarrerei dagokienez, Mikel Laboa, Berri Txarrak, Benito Lertxundi eta Su Ta Gar dira eskaera gehien izan duten artistak.
MusikazBlai.com-ek diseinu berria estreinatu du duela gutxi, erabiltzeko errazagoa, eta laster izango da erabilgarri frantsesez, ingelesez eta katalanez.