GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-06-13
Nagib Mahfuz-ek Xerezaderi segida eman zionekoa
·Idazle egiptoarraren «Mila eta bat gauen gauak» itzuli du Zubizarretak

Asko kostata baina azkenean euskaraz ere mintzo da Nagib Mahfuz, arabierazko literatura modernoaren aita eta 1988an Nobel saria eskuratu zuena. Izan ere, Patxi Zubizarretak itzulita, Txalapartak plazaratu berri du «Mila eta bat gauen gauak», euskaraz argitaratu den idazle egiptoarraren lehen liburua. Eta ez omen da azkena izango.

DONOSTIA

Nagib Mahfuz (Kairo, 1911) nobela historiko eta, batez ere, jite sozialeko liburuengatik da ezaguna. “Kairoko trilogia”, lekuko. “Mila eta bat gauen gauak”, berriz, ez da ez aurrenekoen ez ondorengoen artean sailkatzen. Izan ere, “Mila gau eta bat gehiago” klasikoaren jarraipena da, eta, bertan, Mahfuzek berreskuratu egiten ditu Xerezaderen kontakizunetako protagonistak eta, oro har, ezaugarriak.

Patxi Zubizarretak atzoko aurkezpen ekitaldian nabarmendu zuen: «Alaren sinesmenean tinko bizi nahian baina, aldi berean, grinaz beterik ikusiko ditugu Sinbad, Aladin edo Nur Al-Din pertsonaiak; eta Xariar kalifa, noizean behin, gauez, jauregitik aterako da, mozorrotuta, herritarrak nola bizi diren ikustera; eta jeinuak ere agertuko dira gizaki hutsalak eta petralak zirikatu nahian».

«Errealitate eta ametsa, sarritan amesgaizto bihurtuta, nahasirik agertzen dira ­jarraitu zuen Zubizarretak­; gizakia eder gosez, handinahiaz eta maiteminez ibiliko zaigu, eta istorioak, hitz zuhurrak eta poemak tartekatzen dira».

Klasikoaren aldean, Mahfuzen testua txikiagoa baina, aldi berean, «batuagoa» ere badela esan zuen. Bestalde, klasikoa batez ere itzulpen frantsesen bidez ezagutzen dugula ohartarazi zuen, eta horiek, funtsean garai bateko gortesauei zuzenduta, leunduta daude, adibidez, karga erotikoaz arinduta. Mahfuzen testua, aldiz, «alegera, jostaria eta dibertigarria» izan arren, «gordina» ere bada.

“Mila gau eta bat gehiago”ren itzulpen klasikoez ari denean, ederki asko daki Zubizarretak zertaz ari den. Izan ere, horietatik abiatuta, “Ali Baba”, “Aladin” eta “Sinbad Marinela” euskaratu ditu berak. “Mila gau eta bat gehiago” ere antologatu du, eta, aitortu duenez, Xerezaderentzat beste bukaera bat asmatzeko tentaldiari ezin izan zion eutsi (Mahfuzen liburuari egin dion gibel solasean irakur daiteke). Baina ez da ideia hori izan duen bakarra. «Poek ere izan zuen», adierazi zuen, eta Mahfuzek, ideia bera akuilu, liburu oso bat idatzi zuen.

Argitaratzeko arazoak

“Mila eta bat gauen gaua”ren lana orain dela zenbait urte burutu zuen Zubizarretak, baina orain arte ezin izan da plazaratu. «Blokatuta egon gara ­adierazi zuen Mikel Soto argitaratzaileak­, baimenik lortzen ez genuelako. Zenbait agente literariori kosta egin zaio ulertzea liburuak euskaraz ere argitara daitezkeela». Zorionez, gaia «desblokatu» egin da, eta, horri esker, laster Mahfuzen liburu gehiago euskaraz irakurtzeko aukera egongo omen da.

Arazoak izan direla-eta, itzulpengintzaren «apologia» egin zuen Zubizarretak, «elkarbizitzarako ezinbesteko tresna delako». Aipatu zuenez, agenteak argitalpena euskaraz oztopatzeko erabilitako argudioetako bat Mahfuz bakezalea dela izan zen. «Ikaragarria da kultur munduan horrelako erantzunak jasotzea ­esan zuen­. Hala jartzen bagara, Mahfuzek integristen hizkuntzan idazten duela argudia genezake. Eta, hain justu, Mahfuz osasunez larri eta itsu dago integrista batek labanarekin eraso egin zionez geroztik», gogorarazi zuen.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Los acantilados de Zumaia serán referente internacional
Jendartea
Urduritasuna baxo eta selektibitatearen lehen txanpan
Euskal Herria
Patxi López resalta la representatividad de Batasuna y se reunirá pese a las querellas
Euskal Herria
Ekinek zenbait esparrutan egindako lana nabarmendu dute hainbat lekukok
Ekonomia
La OIT saca «tarjeta roja» al trabajo infantil, que afecta a más de 218 millones de niños
Mundua
Desmienten la versión ofrecida por EEUU sobre una nueva matanza en Irak
Kultura
Yebra: «Deseamos que en el futuro los bailarines no deban abandonar su casa»
Kultura
Periferiako bertsolari gazteak Eskolarteko txapelaren bila
Kirolak
Un flojo rival permite a Chequia golear sin despeinarse
Kirolak
Piterman accede al traspaso de Juanito tras amenazar con paralizarlo
Mundua
La presidencia de la UE reconoce al estado soberano de Montenegro
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss