Upeltegiak interes-tasak igotzearen beldur dira
LOGROÑO
“Rioja” upeltegiek «ontzat» jo dute esportazioek izan duten igoera; izan ere, azken urtean %5 igo dira, eta 2006ko lehen lau hilabeteetan, ia %14. Hala ere, Europako Banku Zentralak orain gutxi onartutako interes-tasen igoerek orain arteko gorako joera geldiaraz dezaketela uste dute upeltegiek.
Tomas Perry Errioxako Ardoen Esportatzaileen eta Hazleen Taldeko gerenteak esandakoaren arabera, esporta- zioen igoera ona bada, batez ere merkatuak«oso zailak» direlako da. Baina «ekonomia teoria betetzen bada, interes-tasen gorakada gelditu» ahal dela azaldu zuen.
Hala, 2006ko urtarriletik apirilera esportazioak %14 igo ziren, 21,8 milioi litrora iritsi arte; eta kategoria guztietan, gainera, nahiz eta aipamen berezia merezi duten ardo ondu eta erreserbakoek. Ardo horietako fakturazioa ere %15 igo zen, ia 105 milioi euro arte.
Era berean, salneurriak ere garestitu egin ziren, %1,45 zehazki. Hala, 2005ean ardo litroak 4,15 euro balio zituen; aurten, berriz, 4,21 euro.
Perryk, hala ere, azken hamabi hilabeteetako datuak garrantzitsuak direla nabarmendu zuen, horiek esportazioen bilakaerako irudi «zehatzagoa» ematen dutelako bere ustez. Emaitza horrek %5,3ko igoera adierazten du.
Gerentearen hitzetan, garapena «oso ona» izan da. Gainera, ardo txuri eta gorrietan gorakada izan da: gorria %30 igo da; zuriak, berriz, azken hamabi hilabeteetan %20ko gorakada izan du.
|