DONOSTIA
Gogoeta XXI bilguneak aste honetan egingo duen nazioarteko mintegiaren berri eman zuen prentsaurrekoan atzo, Donostian. «Burujabetza, sezesioa eta autodeterminazio eskubidea: nazioarteko zuzenbidearen erronkak» du izenburua datozen ostegunean eta ostiralean Nazioarteko Soziologia Juridikoko Institutuak Oñatiko Unibertsitatean duen egoitzak hartuko duen mintegiak.Gogoeta XXI taldeko kide Ekai Txapartegi mintegiaren koordinatzailea izango da, eta hark aurkeztu zituen bi eguneko ekimen horren nondik norakoak. Gaiaren egunerokotasuna aipatu zuen lehenik, «puri purian» dagoen auzia izango dutelako hizpide. Alde horretatik, Montenegroko independentzia dugu gertuen, baina azken urteetan Nazio Batuek 22 estatu berri ezagutu dituztela gogorarazi zuen Txapartegik.
Egunerokotasunaz gain, gaia mamitsua da oso nazioarteko zuzenbiderako, errealitate berrira egokitu beharra duelako. Errealitate horretan «nazioek eta herriek sezesioa prozesu arruntatzat hartu dute» eta «autodeterminazio erreferendumak gatazka nazionalei irtenbidea emateko bide arrunta bilakatu dira», koordinatzaileak esan zuenez.
Sezesioaren gaiari buruz beste anbibalentzia bat nabarmendu zuen Txapartegik. «Sezesioaren emaitza positiboki jotzen bada ere, prozesuak traumatikoak dira, eta horrek ardura bat jartzen dio nazioarteko zuzenbideari; bere araudiak berriz pentsatzearena, hain zuzen ere», gaineratu zuen.
Gai sakon horiek guztiak aztertzeko maila akademikoa lortzen saiatu dira antolatzaileak. Baita lortu ere, eta egitarauaren oinarrian bi hizlari nabarmendu zituzten. Batetik, Margaret Moore, Kanadako Queen´s unibertsitatetik datorrena eta «sezesioaren inguruan egungo erreferentzia garrantzitsuena ziurrenik», eta bestetik, Francisco Letamendia Ortzi «gure artean kontzeptu haiei sarrera eman ziena».
Eztabaida teorikoaz gain, mintegiaren bigarren egunean munduko hainbat herritatik etorriko diren zenbait hizlarik ere hartuko dute parte, eta kasu konkretuak aurkeztuko dituzte, hala nola irlandarra, kosovoarra, tamila eta puertoricarra, besteren artean.
Mintegiaren beste koordinatzaileak, Mikel Sotok, gaiak Euskal Herrian duen interesa kontuan hartuta, bihar bertan Koldo Mitxelena Kulturuneak hartuko duen beste ekimen baten berri eman zuen. Bertan, arratsaldeko zazpietan hasita, mahai inguru batean bilduko dituzte Margaret Moore, Ortzi eta beste aditu batzuk, autodeterminazioa, baldintzak eta aukerak gaiak aztertzeko, Sotok azaldu zuenez.
Gogoeta XXI, Montenegrotik bueltan
Montenegron erreferenduma zela eta, Gogoeta XXI taldeak bidali zuen ordezkaritzaren azterketa egin zuen Sotok GARAko orrialdeetan tarte handia izan zuen. Abertzaletasuna eta demokrazia aztertzea helburu duen pentsamendu bilgunea da Gogoeta XXI. -