Euskal Herriak bere lekutxoa izango du Alemaniako Munduko Txapelketan. Bai behintzat, FIFAk antolatzen duen «izarrez» beteriko horren itzalpean jokatuko den nazioarteko lehiaketa ez profesional eta alternatiboan. Kassel hirian jokatuko dute txapelketa berezi hori, eta hainbat naziotako 32 taldek hartuko dute parte. Euskal espedizioaren zati bat bertan da jada eta falta direnak bihar arratsaldean bertan abiatuko dira.Txapelketa ezohiko hori Dynamo Windrad Alemaniako taldeak antolatzen du, eta aurtengoa seigarren ekitaldia da. ESAITek bertan izateko gonbidapena jaso zuen, antza, eta hortik abiatuta sortu da futbol talde hori. Kassel Frankfurt-etik 250 bat kilometrora dago eta 200.000 biztanle inguru ditu.
Taldekide guztiak Oiartzun inguruko jokalari ez profesionalak dira, eta Martxel Toledo taldeko ordezkari eta ESAITeko ordezkariak Euskal Herria nazioartean ordezkatzearen garrantzia eta ekimenari ESAITek eman dio babes osoa nabarmendu zituen aurkezpen ekitaldian. «Denok dakizue aurreko ostiralean Munduko Txapelketa entzutetsua hasi zela, komunikabideetan horrenbeste leku hartzen duen lehiaketa, baina horren aldean lehia xumea da gurea, alternatiboa eta aldarrikapenerako baliagarria. Euskal Herria ordezkatzeko aukera izango dugu nazioartean, eta euskal selekzioaren aldeko beste ekintza bat izango da Alemaniara egingo dugun bidaia hau», esan zuen Toledok.
Informazio gutxi
Egia esateko, taldea osatuko duten futbolariek ere ez dute lehiaketaren inguruko informazio gehiegirik. Ospakizunak aurreko ostiraletik hasita dauden arren, euskaldunek ostegunean jokatuko dute lehen norgehiagoka, eta finala larunbatean jokatuko dute, beraz, neurketa asko denbora gutxian.
«Atzo bertan hitz egin genuen antolatzaileekin, eta esan zigutenez, Argentina, Alemania, Kolonbia edota Errumaniako taldeek hartuko dute parte. Nazio askotako taldeak, baina ez da bereziki nazioen artean jokatuko den lehiaketa bat», azaldu zuen Toledok.
Gainera, antolakuntzak esfortzu berezi bat eskatzen die parte hartuko duten talde guztiei taldea osatuko duten neska eta mutilen kopurua ahalik eta parekatuena izateko. Euskaldunei dagokienez, hamabi mutilek eta sei neskak osatuko dute azkenean taldea.
Hitza hartu zuenetako bat Uxue Perez jokalaria bera izan zen. Haren hitzetan, jokalari guztiak oso «animatuta» doaz Alemaniara, Euskal Herria nazioartean ordezkatzeko «aukera oso polita» delako.
«ESAITek aukera hau eman digu eta oso animatuta goaz.
Irabazten saiatuko gara baina guretzat garrantzitsuena Euskal Herria ordezkatzea
izango da. Afizionatuak gara; ez gara futboletik bizi, eta guretzat aukera hau
gure nortasuna aldarrikatzeko modu oso polita da. Guretzat esperientzia bat
izango da», nabarmendu zuen Perezek Alemania aldera abiatu baino ordu gutxi
batzuk lehenago.