GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-08-08
Ander Hormazuriren erakusketaberrian bat-batekotasuna da nagusi
Zumaiako Oxford aretoan ikusgai ipini ditu Ander Hormazurik azken hiruzpalau hilabeteetan egin dituen 33 lan, guztiak, egur gaineko teknika mistoan. Aurrekoetan ez bezala, burua eta eskua libre utzi ditu artistak oraingoan, eta «kolpetik eta barren-barrenetik» atera zaiona baino ez du margotu. Emaitza, Hormazuri bera gustura baino gusturako utzi duena, igande arte ikusi ahal izango da.

ZUMAIA

Kolektiboetan bai ­uda honetan bertan AralArten ari da parte hartzen­, baina, bakarka, aspaldi ez zuen Ander Hormazurik bere lana erakusten. Izan ere, orain dela bi urte egin zuen azkenengo aldiz, Eibarren, eta orduko erakusketa hartan aurkeztu zituen lanen eta egunotan Zumaian aurkezten dituenen artean alde ederra dago. Alde horren gakoa bat-batekotasuna da. Erakusketa hura prestatzen hasi zenean, bazekien zehatz-mehatz zer lortu nahi zuen. Oraingoan, berriz, «kolpetik eta barren-barrenetik» atera zaiona baino ez du margotu.

«Normalean, orain arte, behintzat, pentsatu izan dut zer lortu nahi nuen ­adierazi dio GARAri Hormazurik berak­. Horren arabera, zirriborro bat egin eta gero egurrean gauzatu dut. Oraingoan, aldiz, bizpahiru marra oso kolpetik bota eta horien arabera jarraitu dut, nahi beste aldatuz. Izan ere, darabildan teknikak gauzak aldatzeko nahiko denbora ematen du».

Emaitzak ez du zerikusirik Eibarko erakusketarekin. «Orduko hark arkitektura kutsu nabarmena zuen. Bolumena eta, ondorioz, sakontasuna ziren nagusi. Oraingo honetan, aldiz, irudi geometrikoak nabari dira, bai, baina ez dute bolumenik; txapalak dira».

Kolorea ere oso bestelakoa da. «Kolore gutxi sartu izan ditut beti, grisak-eta ­esan du artistak­. Kontrasteak nabarmentzeko eta lanei gogortasuna emateko alanbrea edo metala gehitzeko joera izan dut. Kasu honetan, berriz, kolore leunak atera zaizkit, arrosa eta guzti. Niretzat ere ustekabea izan da. Askotan, geurea den arren, lan bat onartzea kostatzen zaigu. Kasu honetan, begira eta begira ibili ondoren, horrela gustatzen zaidala erabaki dut».

Ander Hormazurik Oxford areton erakusten dituen margolanak ez dira guztiz abstraktuak, geometriak, arestian esan bezala, han-hemenka agertzen direlako. «Geometria horiek ezinbestez azaltzen dira, nahi gabe, ia-ia lehenengo marrak egiten dituzunetik, baita kolorea ematen ari zarenean ere. Nolanahi ere, ezer formalik ez adierazten espresuki ahalegindu naiz. Ez naiz ez kontraste, ez forma, ez estruktura jakin bakar baten bila ere joan. Oso kolpetik margotzen ahalegindu naiz, lana autentikoa izan zedin, nolabait esateko», nabarmendu du Hormazurik.

Horrela gauzak, gairik gabe ere aritu da, eta, ondorioz, ez die izenbururik ipini margolanei. «Batzuk ikusi eta berehala datorkizu burura gairen bat. Baina izenburua ipintzen baldin badiozu, ikuslea huraxe bilatzen hasiko da margolanean, eta hori ez da ona».

Ander Hormazuriren erakusketa berria igande arte ikusi ahal izango da Oxford aretoan. Bisita orduak, astegunetan, 19.00etatik 21.00etara dira, eta jaiegunetan, berriz, 12.00etatik 14.00etara eta 19.00etatik 21.00etara.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Emakumeen aurkako erasoak, egunero
Jendartea
Trabajadores del metro solicitan más seguridad
Jendartea
Dos jóvenes brutalmente violadas en la madrugada del domingo en Baiona
Euskal Herria
Otro buque del Ejército español en plena bahía de La Concha
Euskal Herria
Prieto (PSE) defiende que el proceso va «según las reglas y tiempos previstos»
Euskal Herria
Samina ez du denborak eraman
Ekonomia
Fallece un trabajador cuando limpiaba el interior de una máquina en Nervacero
Mundua
Uribe inicia su segundo mandato
Kultura
Michel Bouvard y José Manuel Azcue participarán en el ciclo de organo
Kirolak
Orkatz Beitiak hasiera bikaina eman dio euskaldunen parte-hartzeari
Euskal Herria
Lakua informa sobre la marcha de Donostia a la Audiencia Nacional
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss