Herriak ez du ahazten, ezta barkatzen ere. Hori adierazi zuten atzo arratsean Bilboko Bolueta auzoan ehun bat lagunek egindako ekitaldi xumean.Atzoko egunez, 2000. urtean, leku horretan bizitza galdu zuten ETA erakundeko lau militantek, autoan zeramaten lehergailuak eztanda egin zuenean. Patxi Rementeria, Ekain Ruiz, Zigor Aranbarri eta Urko Gerrikagoitia gazteen ezusteko heriotzek sekula desagertuko ez den samina eragin zuten; eta harrezkero, urtero gogorarazi dute jazoera hura Bilboko biribilgunean egin ohi dituzten ekitaldi eta omenaldi hunkigarrietan.
Lau militanteen erretratuen aldamenean, bertsolari gazte batek eman zion hasiera atzoko hitzorduari. Atzean, «Euskal Herria dugu irabazteko! Erasoen gainetik antolakuntza eta borroka» goiburua zeraman pankarta ezarri zuten minutu batzuk lehenago bertaratutako herritarrek.
Txistulariak jarri zion erritmoa ohorezko aurreskuari gero, eta ozen oihukatu zituzten «Herriak ez du barkatuko» eta «Euskadi ta askatasuna» mezuak. Bitartean, han bildutako herritarrek krabelin gorri eta zuriak eta beste hainbat lore ezarri zituzten lauren argazkien parean. Biribilgunean bertan ere, ikurrin bat eta lore sortak ageri ziren aurretik.
Herritar batek hitza hartu zuen gero mikrofonoan. Ruizek, Aranbarrik, Gerrikagoitiak eta Rementeriak bere garaian borroka armatuaren hautua egin zutenean «eskubideen ukazioari euskaldunek indarrez eta tinkotasunez erantzun behar» diotela jakitun zirela gogorarazi zuen.
Egun hainbestetan aipatzen duten prozesu politikoa bera ere Euskal Herrian aspaldian askapenerako bidean abiatu zela adierazi zuen. Eta, herri honen askatasunaren eztandak bi belaunaldiko lau militante haien bizitza eraman zuen eztanda baino askoz indartsuagoa izan behar duela nabarmendu zuen segidan. Gazte haiek «zuten guztia» eman zutela adierazi, eta aipatu helburuak lortzeko «bultzada» handia eman zutela esan zuen; haien konpromiso eta ibilbidea gorarazi zituzten. “Eusko Gudariak” kantatu zuten ekitaldia amaitzeko.
LABURRA, HALABEHARREZ
Hamar bat minutu baino ez zituzten baliatu militante gazte haiek bizilagun ugariren oroimenean beti iraungo dutela agertzeko. Halabeharrez izan zen laburra, hitzorduak urtez urte debekuen mehatxuari aurre egin behar izan baitio.
2000ko abuztuaren 7an jazotako gertaera lazgarriak herritar ugariren bihotzak astindu zituen, behar adina baino gehiagorenak, gainera; izan ere, lehen orduetan hil zirenak nor ziren ez baitzuten argitu. Esaterako, lehen bertsio batek hildakoak hiru bi gizon eta emakume bat zirela zioen, eta ondoko orduetan zenbait izen faltsu eman zituzten, horrek sendi ugarirengan sortuko zuen kezka eta saminduraz jakitun. Hamabi egun luzeren buruan jakinarazi zituzten egiazko izenak. Nolanahi ere, jazoerek laster ekarri zuten atzetik beste izaera bateko amorrua eragingo zuen ibilbidea. Boluetako gertakarien lehen urtemugan egindako omenaldietatik aurrera, hildako euskal militanteen omenez ezker abertzaleak antolatu izan dituen ekitaldiak legez kanpo utzi, edota gogor zigortu ditu legedi espainolak. Lakuako Barne Sailak ere eragozpen lan horretan paper garrantzitsua bete izan du; ekitaldien bultzatzaileak zigortzean ere.
Lehen urtemuga hartako hitzordu politiko ororen gainetik, Fiskaltza Nagusi espainolak kereila kriminala jarri zuen, ekitaldi horiek «terrorismoaren apologia» egiten zutela argudiatuta. Lakuako Barne Sailak, bere kabuz, txosten bat egin zuen eta ekitaldietan esan eta egindako guztia bildu. Epaitegira igorri zuen txosten hura Ertzaintzak, epaileek «lege-hausteren baten zantzurik» aurki zezaketelakoan.
Harrezkero, 2001eko uztailean Olaia Kastresana militante gaztea hil ostean egin ekitaldi eta mobilizazioak Fiskaltzak eta Ertzaintzak zigortu zituzten, esaterako. Eta 2002an, legedi espainolak erabat debekatu zituen tankera horretako ekimenak.
Hala, Boluetan hildako gazteen aldeko omenaldia urtez urte egin dute, debeku ororen gainetik, baina militante haiei beren maitasuna agertzeko hitzorduak modu klandestinoan egin behar izan dituzte beti, aldez aurretik inolako deialdi publikorik egin gabe. Zenbait urtetan, esaterako, lore eskaintza eta “Eusko Gudariak” abestera mugatu izan dira herritarrak, betiere ertzainak agertuko ziren beldur. -