TAFALLA
Tafallan etxe bat okupatu dute gazteek. Auroras 5 plazatxoan dago eta igandean arratsaldeko zazpietan hartu zuten herriko gazteek, «gazteek autogestionatutako lokalak» behar dituztelako.Eurentzat lokalik ez zegoen eta Udalaren laguntzarik jaso ez zutenez gero, hilabete batzuk zeramatzaten gaztetxe bat lortzeko kanpaina egiten. Tafallako Etxebizitzaren Plataformak jakinarazi zuenez, Tafallan mila baino etxe huts gehiago dago. Horregatik, herriko etxe huts horiek guztiak «x» hori batekin markatu zituzten. Ekintza horrekin galdera bat planteatu nahi izan zuten gazteek:«Horrenbeste etxe huts izanik, nola da posible gazteriak horietako bat bera ere kudeatzeko aukerarik ez izatea?».
Horrez gain, eranskailuak eta kartelak ere atera zituzten jaietarako «¿para o de?» leloarekin. Alegia, etxea gazteentzat edo gazteen etxea?
Beraz, argi zuten okupatzea zela lokal duin bat lortzeko modu bakarra. Barrenetik etxeak begiratzen aritu ondoren, lehengo astean, hainbat koadrila elkartuta, euren etxea zein izango zen erabaki zuten: Auroras 5 plazatxoan dagoena.
Burlatakoa botako dute
Orain arte ez zegoen Tafallan gazteriarentzat gazteriak eraikitako gunerik. Okupazioaren ondoren, Tafallako Gazte Asanbladak deia egin dio herriko gazteriari gaztetxera joateko, denen artean gaztetxea eraikitzeko. Gazteek gazteentzat egin nahi dute bilgunea, ez baitute uste helduek arazoa konponduko dutenik.
Burlatako gaztetxea oso bestelako egoeran da, bestalde:Udalak bertako gaztetxea botatzeko baimena eman du. Lehengo asteazkeneko Udaleko udalbatzarrean, gaztetxea dagoen orubean etxebizitza blokeak eraikitzeko baimena berretsi zuten. Gazteek gaztetxea babestera deitu dute.