Izortz ZABALA | Astilleroko patroia
Talde batzuk arraunlariak erregulatzen ari dira jada
Estropada ezberdinak izan ziren larunbatean eta igandean jokatutakoak, baina politak eta ikusgarriak biak. Itsasoaren baldintzak ere ezberdinak izan ziren batean zein bestean, baina halako estropadak egon behar dira; batzuk ur lasaietan, beste batzuk olatua brankaz, alboz... Hala ere, estropada guztietan hor egon behar da.Zumaian Orio oso ondo ikusi nuen arraunean. Bigarren ziabogan denbora asko galduta ere, ziurtasun handiarekin ibili zen, eta horregatik lortu zuen garaipena. Castro ere ondo ikusi nuen, baina berriz ere garaipenetik gertu geratu zen. Zumaiak ere estropada eremua menderatuta zuela ikusi zen, eta gogotsu irten zen txanda garaipenaren bila, estropada ona eginez. Bestalde, Hondarribiak koadrila oso ona duela erakutsi du asteburuan. Larunbatean, emaitza hain ona izan ez arren, estropada ona egin zuen. Azken luzean laugarren kaletik lehenengorantz etorri zen, eta olatua lagun, Pedreñaren aurretik sartzeko gai izan zen. Igandean, ostera, bospasei aldaketarekin garaipena lortu zuen. Hala eta guztiz ere, hasierako estropadetan aldaketak eginda ere erraz irabazten zuen, baina orain gehiago kostatzen zaio. Hondarribia apur bat gorago dago, bai, baina aldaketek jada ez dute balio garaipena lortzeko. Bakoitzak bere talderik onena izan behar du uretan emaitza ona lortzeko. Talde batzuk aldaketa asko egiten ari dira, baina errendimendua ez da hain ona izaten, eta horregatik daude halako gorabehera handiak. Arkoteren kasua, adibidez. Zumaian hamargarren izan zen eta Hondarribian hirugarren. Mecosi eta Oriori ere gauza bera gertatu zaie. Aldaketak eginez errendimenduak behera egiten du. Batzuk jendea gordetzen ari dira aste honi begira: Bizkaiko, Gipuzkoako eta Euskadiko Txapelketetarako, alegia, baita Kontxako sailkapen estropadarako ere. Izan ere, arraunlariak erregulatzen joan beharra dago jada. Amaitzeko, igandean Castrori gertatutakoa aipatu nahiko nuke. Ez da normala bi arraunlari galtzea, eta batez ere lehenengoa, bigarrena berea ez den postu baten ari delako. Pena izan zen, ordura arte oso ondo ari baitziren. Nik uste dut hor akats bat izan zela (soka gaizki neurtuta, arraun berria...) Batek daki, baina hor aurrean kontu handiarekin ibili behar da arrauna sartzerakoan, gogotsu sartu ziren ziabogan eta abiadura handiarekin, arraunak golpe gogorra eman zion eta uretan amaitu zuen.
|