Errausteari buruzko eztabaida Astigarragan
DONOSTIA
Astigarraga Bizirik taldeak joan den uztailaren 28an egindako osoko bilkuraren azterketa eta irakurketa kritikoa kaleratu du. Taldeko kideen egonezina Udalari jakinarazi diote idazki baten bidez, eta bertan lau puntu aipatu nahi izan zituzten. Lehenengo, Gipuzkoako Foru Aldundiari errausteko planta eraikitzeko plana bertan behera utz dezala tinko eskatu diote. Bigarrenez, hondakin gutxiago sortzeko politikak aurrera eramateko, birziklatzea, berrerabiltzea eta konpostatzea ahal den heinean. Jarraian, errauste-plantak osasunean eragin ditzakeen ondorioak direla-eta arduratsu azaltzeko Aldundiaren aurrean, eta azkenengoz herritarren artean hondakin gutxiago sortzearen kultura bultzatzeko.Idatziaren bitartez, Astigarragako Udalari taldearen sentimendu gazi-gozoak azaldu nahi izan zizkioten, ulertzen baitute zaila dela presiopean lan egitea, baina ez zitzaien iruditu «haren jarrera herritarren aurrean defendatu eta arrazoitzeko benetako ahaleginik egin zutenik». Herritarrengana hurbildu beharrean urrundu egin zirela salatu zuten.
|