«‘Skateboarding’aren mundu zabalean, garrantzitsuena patinatzea da»
«Skateboarding»ak hiru hamarkada baino gehiago daramatza Euskal Herrian, eta zaleenak nerabeak diren arren, helduagoak bereganatzea ere lortu du, gizonak zein emakumeak. Donostiako Ernest Lluch kultur etxean (Anoeta, 7) tresna kontrakultural horren inguruko hainbat pintura, diseinu, argazki eta bideo ikusten ahal da.
DONOSTIA
“Parafernalia. Cultura skate” da larunbata arte, igandeetan izan ezik arratsaldero, Donostiako Ernest Lluch kultur etxean izanen den erakusketaren izenburua. Izan ere, Mikel Arbiza Goenaga gidariaren hitzetan, bertako pintura, argazki eta bideoak oroitzapen txikiak baino ez dira, jarduera baten gotorlekuak: «Oholen mundua oso zabala dela, baina garrantzitsuena patinatzea dela erakutsi nahi diogu jendeari». Horretarako, monopatina bera objektua eta skateboarding-a tresna kontrakulturala ezagutaraziko dituzte, ikuspegi antropologikotik egin ere.
Kultur etxera sartu bezain laster, eskuz margotutako oholak ikusiko ditu bisitariak. Girl Skateboards konpainiako diseinugile grafiko Andy Jenkins estatubatuarrak badu esaldi ezagun bat:«Edozer izan daiteke skate grafikoa». Ideia hori aintzat hartu eta oholak eman dizkiete artista batzuei, bakoitzak bere ikuspegia margotzeko. Donostia-Beterrikoak eta Bilbokoak dira diseinugile, irudigile eta street artista horiek: Fame, Batch, Panoly, Wallijai, Savage Girl, Naiara Goikoetxea, Iñigo Lorenzo, Iker Ayestaran, Santos Bregaña eta Juan Perez Agirregoikoa.
Areto handienean, Juanma Fernandez Lasarteko patinatzaile beteranoak objektuak izan duen garapen teknologikoa eta estetikoa agertuko du. 80ko hamarraldiko oholak skatearen giroko grafiko mitikoak dituztenak, aldizkari sorta zabala, zapatilak, osagarriak eta beste oroitzapen batzuk bildu ditu, gaztetxoei jarduera horrek betitik izan duen izaera kontrakulturala erakusteko. Peru Izetak, berriz, bi monopatin eraiki ditu eskuz, surferrek 70eko hamarkadan egiten zuten moduan. Lan freskoa aurkeztu du diseinugile, asmatzaile, musikari eta artista horrek.
Lance, Mikel Arbiza, Javi Cobo, Alex Mosterin eta Richard Gilligan argazkilarien lanek eta lau hamarkada hauetako bideoek osatzen dute erakusketa. USB memoria eramanez gero, bideoak kopiatzeko aukera ere izanen du bisitariak.
|