NDF: erreformak ez dira nahikoa
Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) eta Munduko Bankuak (MB) urtero egiten duten batzarrean, atzo Singapurren lehenaren kuota-sistemaren erreforma onartu zuten. Kuota-sistemak botoa erregulatzen du, eta erreforma horren ondoren zenbait herrialdek, hala nola Txinak, Turkiak eta Mexikok, besteren artean, ordezkaritza handiagoa izango dute erakunde horretan. NDFren bozketa sistema herrialde bakoitzak ematen duen diru kopuruak erabakitzen du; beraz, gehien ematen dutenek, diru gehien dutenek, alegia, boto gehiago dituzte. NDF sortu zutenetik munduko herrialdeen arteko erlazioa AEBentzat eta Mendebaldeko herrialdeentzat mesedegarria izatea ahalbidetu du erakunde horrek, eta orain, ustez, garatze bidean dauden herrialdeei pisu handiagoa emateko eutsi diote delako erreformari, paradoxikoki herrialde horietako askok sostengua ukatu badiote ere. Atzo hartutako erabakia NDFk bere egitura modernizatzeko planaren lehen atala da. Baina kuota berriak ezartzeko kontuan hartu beharreko faktoreak bitxiak dira baldin eta helburu hori, garatze bideko herrialdeen ahotsa nabarmentzea, benetakoa bada: Barne Produktu Gordina, kanpo sektorearen bolumena eta moneta-krisien aurreko ahultasuna. Brasilek eta Argentinak uste dute sistema berria garatze bideko herrialde ertainen kalterako izango dela. Ez dira kritika bakarrak izan. Ezta handienak ere. Nazioarteko Herri Foroak, ehunetik gora GKE biltzen duenak, gogor salatu zituen NDFren eta MBren politikak, pobrezia, garestitzea, giza eskubideen urraketa, oinarrizko libertate politiko eta zibilen murrizketa eta nazio subiranotasuna hondatzea egotzita. Halaber, aldeanitzeko zorra barkatu beharra nabarmendu zuten. Herrialde aberatsek ematen dituzten azalpenak sinesten baditugu, logikoa bide da desberdintasun ikaragarrien egoera hori, baina urtetik urtera aberatsak aberatsago eta pobreak pobreago direla erakusten duen errealitatea ezin du azaldu zenbait gobernuren ustelkeriak. Ustelkeriaren aitzakian, hain zuzen ere, miseria gorrira kondenatzen dituzte hainbat herri. Aitzakia horren pean ezartzen dizkiete hainbat baldintza laguntzak bideratzeko, hala nola pribatizazioak, merkatuaren liberalizazioa, erreforma fiskalak... Mundu demokratikoa aldarrikatzen duten erakunde horiek inork hautatuak izan gabe erabakitzen dituzte herrialdeen arteko harreman ekonomikoak eta horien ondorioak. -
|