DONOSTIA
Administrazioek etxebizitza eskubidea bermatu behar dutela aldarrikatu du azken egunotan Elkartzen plataformak.
Usurbilgo Udalari, batetik, «hutsik dauden etxeak errekuperatzeko eta alokairuzko etxeekin benetako parke publiko bat eratzeko» eskatu dio. Azken urteetan hutsik izan diren hainbat etxe okupatu dituztenez gero, udal agintariek hutsarazi egin dituzte, eta neurri hori gogor kritikatu du Elkartzen plataformak.
Bestetik, Donostiako Ibaeta auzoan diren irakasleen etxeak ere aipatu dituzte. Elkartzen-ek salatu duenez, etxe horietan bizi diren pertsonek ere kalera joateko arriskua dute. Duela zazpi urte joan ziren bertara bizitzera, eta haiek berek salatu dutenez, beren egoera eta iritzia kontuan izan gabe, Donostia International Physics Center-ek eta Udalak egindako hitzarmenaren arabera, kaleratu egingo dituzte.
Donostiako Udalarekin harremanetan jartzeko hainbat alditan izan dira kaltetuak, baina ez dute ezer lortu, eta ez hori bakarrik, Udalaren haiekiko «joera» gogor kritikatu baitute. Bestalde, Elkartzen plataformak Donostian ere alokairuzko etxebizitzarekin osaturiko parke bat egiteko eskatu du.