GASTEIZ
Gasteizko Legebiltzarrean urte politiko berria hastear dago, eta abian den prozesu politikoa eta eraikuntza nazionala izango ditu lanaren ardatz Ezker Abertzalea taldeak. Lehentasunen artean, berriz, euskararen lege berria lortzea, AHTren proiektuaren gaineko eztabaida zabaltzea, eta parekidetasunaren eta emakumearen aldeko eskubideen aldeko borroka.Hori jakinarazi zuten atzo, Legebiltzarrean egindako agerraldian, Itziar Basterrika, Nekane Erauskin eta Julian Martinez legebiltzarkideek. Bere lanarekin prozesua bultzatzeko zehazki zer egingo duten adierazteko, datorren ostiralean Politika Orokorreko Batzarrean Juan Jose Ibarretxe lehendakariak esango duenaren zain geldituko dira.
Eraikuntza nazionaleko arloan, ordea, helburu zehatza aipatu zuten: Lakuako Gobernuari oposizioa sendotzea. Izan ere, iazko urte politikoan EAJk, EAk eta EBk osatzen duten Gobernuak «duen herri neolibe- ralaren proiektuaren» «alternatiba erreal bakarra» Ezker Abertzalea dela agerian utzi zutela ziurtatu zuten legebiltzarkide abertzaleek. «Programako proposamen errealak aurkeztu zituzten bakarrak izan ginen», adierazi zuten.
Hori dela-eta, euskal herritarrek Ezker Abertzalea taldearekin bat egin dezaten lanean jarraituko dutela esan zuten. «Euskal Herriko langileak Legebiltzarrean ordezkatzen dugun alternatiba ezkertiar eta abertzalearekin identifika daitezen ahaleginak areagotuko ditugu aurten», azaldu zuten.
Gainera, urte honetan Ezker Abertzalea taldeak izango dituen hiru lehentasunen berri eman zuten. Hasteko, euskararen lege berria lortzeko aurreko ekainaren 26an euskara berreskuratzeko lege proposamena bideratu eta eztabaidatuko dutela adierazi zuten.
«Esparru juridiko berria beharrezkoa dugu egungo legea ez baita Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa euskalduntzeko baliagarria», salatu zuten. Euskal gizartearen gehiengoa iritzi bere- koa dela eta, horregatik, Ibarretxeren Gobernuak Legebiltzarrean euskarari buruzko eztabaida egiteari uko egingo balio, «inok ez lukeela ulertuko» ohartarazi zuten.
Errepresioa salatu
Bestela, azpiegitura handiei buruzko eztabaida ere bultzatu nahi du Ezker Abertzaleak urte honetan. «Gure oposizioaren lana AHT izango da», agertu zuten. Alde horretatik, ontzat hartu zuten hainbat herritan egiten ari diren eztabaidak eta herri galdeketak.
Parekidetasunaren legea praktikan eraginkorra izateko ere lan egingo dute aurten. Gai horren inguruan, besteren artean, emakumeen kontrako indarkeriaren gaineko ponentziaren ondorioak laster aurkeztuko dituztela esan zuten.Azkenik, errepresioa salatzen, eta euskal preso politikoen eskubideak aldarrikatzen jarraituko dutela jakinarazi zuten. Besteren artean, «ezker abertzalea kriminalizatzeko bere Ertzaintza ez erabiltzeko» eskatu zioten, beste behin, Javier Balza Barne sailburuari.
Aurrekontuetan, jarrera irekia baina aldaketa
eskariarekin
Aurrekontuei begira, jarrera irekia erakutsiko du aurten ere Ezker Abertzaleak. Negoziatzeko prest agertu baziren ere, irizpideetan «ikuspegi nazional eta ezkertiarretik herritarren beharrei erantzun ahal izateko aldaketak» eskatuko dituztela argi utzi zuten kazetarien galderei erantzuterakoan. -